Iruñean, 2008ko sanferminek iragan bat orain bat markatu zuten sexu indarkeriaren eta emakumeen aurkako tratu txarren auzian. Diego Yllanes psikologia ikasleak behartu eta hil egin zuen Nagore Laffage gaztea, jaietan. Hilketa hura gertatu eta hamar urtera, kalean da hiltzailea, baina herritarrek ez dute ahaztu: astehelen arratsalde honetan Gaztelu plaza bete dute, Zure ausentziarengatik, Nagore zioen pankartaren inguruan.
Herritarrekin eta ordezkari politikoekin batera, Laffageren lagun eta senide batzuk ere izan dira ekitaldian, eta urteotan jaso duen babesarengatik eskerrak eman ditu Casasolak, Laffageren amak. "Guztion artean saiatu behar dugu, horrelakorik berriro gerta ez dadin", nabarmendu du. "Errespetua" eskatu du, gainera, festak "denontzat" direlako.
Herritarren eta taldeen laguntza eta babesa jaso baditu ere, Justiziaren babesik ez duela sentitu azaldu du Casasolak, eta indarkeria matxista kasu bakoitzaren aurrean kalera ateratzera dei egin du.
Tere Saezek, Andrea eta Astelehen Lilak elkarteko kideak, adierazi du Laffage oroitzeko egin dutela ekitaldia, bai, baina emakumeen askatasunen eta eskubideen alde ere bildu direla: "Emakumeok libre izaten jarraitu behar dugu, eta espazio guztiak okupatu behar ditugu, baita festak ere". Hamar urteotan Iruñean eman diren pausoak goraipatu ditu Saezek, baina lanean jarraitu behar dutela erantsi du.