«Nahieran» antolatutako alarma egoera «eztabaidagarria» dela esan du Urkulluk

Idoia Mendiak atzo egindako proposamenaren harira, duda adierazi, izurriaren arazoa «globala» dela argudiatuta

Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko saio batera iristen. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
arantxa iraola
2021eko apirilaren 29a
13:22
Entzun

Maiatzaren 9an bertan behera uztekoa du Espainiako Gobernuak COVID-19aren aurkako izurriari aurre egiteko alarma egoera, eta, horrek sorrarazi dituen kexen harira, atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde Idoia Mendiak adierazi zuen aukera egon daitekeela alarma egoera beharra duten erkidegoetan bakarrik ezartzeko. Gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du, ordea, «nahieran» antolatutako alarma egoera hori «eztabaidagarria» iruditzen zaiola. Gogora ekarri du izurriaren arazoa «globala» dela, eta, ondorioz, erantzun orokorra eman behar zaiola.

Urkulluk eta gobernuko gainerako buruzagi jeltzaleek usu adierazi dute alarma egoeraren bukaerak ekar ditzakeen arazoen inguruko kezka. PSE-EEko ordezkariak, ordea, ulerkorrago ari dira Espainiako Gobernuaren jarreraren aurrean, eta ingurumari horretan ulertu behar dira Idoia Mendiak atzo egindako adierazpenak ere. Urkulluk gaur berretsi du, alarma egoera luzatzen ez bada, izurriari aurre egiteko neurriak ezartzeko bestelako «berme juridikoak» eman behar zaizkiela autonomia erkidegoei maiatzaren 9a baino lehen.

Gobernu barruan gai honekin lotuta «tirabirarik» ez dagoela adierazi du gaur Mendiak, baina berriz mintzatu da ordezkari jeltzaleen bestelako tonuan, eta alarma egoera ez dela izurriaren aurkako «panazea» esan du.

EH Bilduk adierazi du «ikuskizun tristea» dela Jaurlaritzan agintea duten bi gobernuak gai honetan horrela ikustea. Alarma egoerarekin, edo gabe, administrazioak izurriari aurre egiteko izan ditzakeen baliabide guztiak «zukutu» arte erabili behar dituela esan du Eusko Legebiltzarreko eledun Maddalen Iriartek. «Alderdikeriak» bazter uzteko eskatu die bi talde politikoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.