Quindos (Urtuella, Bizkaia, 1960) mikrobiologia katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta eskarmentu handia bildu du mikrobiologia, mikologia eta infekzio gaixotasunetan.
Zer irizten diozu homeopatiari?
Ezer baino lehen, argitu nahi dut neure iritzi pertsonala ematen dudala, auzi honen inguruan iritzi asko baitaude, eta ez naizela mintzo inongo unibertsitate, fakultate edo elkarteren izenean. Hori esanda, nik uste dut nahiko zaila dela homeopatia zientziatzat jotzea, eta are gutxiago medikuntza zientziatzat. Zientzia batek metodo zientifiko batean oinarrituta egon behar du, eta homeopatiaren kasuan ez da hala gertatzen.
Baina homeopatiak berrehun urteko historia du.
Samuel Hahnemann jo ohi da homeopatiaren sortzailetzat. Nik uste dut oso mediku errespetagarria izan zela eta, garai hartako medikuntzarekin alderatuta, kontuan hartzeko moduko proposamenak egin zituela. Baina geroztik urte asko igaro da, eta Hahnemannek egiten zituen proposamenak zientzia-aurreko zerbait balira bezala gelditu dira.
Arlo horretan aritzen direnek argudiatu ohi dute emaitzak izaten dituztela.
Bai, emaitzak ager daitezke, baina emaitza horiek, komunitate zientifikoak onartuak izan daitezen, metodologia zuzen baten arabera neurtu behar dira. Nik pentsa dezaket gaixo batek hobera egiten badu nik emandako tratamenduari esker egin duela, baina arrazoia beste bat izan daiteke. Infekzioek sortutako gaixotasun gehienek bilakaera bat izaten dute, eta berez sendatzera jo ohi dute. Gaixotasun kronikoek ere zikloak izaten dituzte. Horrelako nahasteak saihesteko, zientziak metodologia bat eskatzen du.
Zein da metodo hori?
Normalean, gaixo kopuru bat hartzen da, batzuei ausaz ematen zaie frogatu nahi den botika, eta beste batzuei plazeboa. Ez pazienteek ezta medikuek ere ez dute jakin behar bakoitza zein taldetan dagoen eta zer hartzen ari den. Askotan, ebaluatzaileak ere ez daki gaixo bakoitzak zer hartu duen.
Eta produktu homeopatikoekin ez al da horrelako metodologiarik erabiltzen?
Orain arte, horrelako metodo zientifikoak erabilita, ez da frogatu produktu homeopatikoek sendatzeko balio dutela. Botika bat merkatura ateratzea ez da erraza, froga asko egin behar direlako, hainbat fasetan, eta askotan urteak pasatzen dira produktu bat egokitzat jo arte. Produktu homeopatikoekin eta bestelako produktu batzuekin, elikagai osagarriekin esaterako, ez da horrelakorik gertatzen.
Baina produktu horiek salgai egoten dira.
Produktu horiek saltzeko, nahikoa da adieraztea produktu horrek zertarako balio omen duen eta frogatzea ez duela ondorio kaltegarririk izaten. Baina, jakina, produktu batek kalterik ez egitea eta produktu hori benetan eraginkorra izatea oso gauza desberdina da.
"Antzekoak antzekoa sendatzen du" dioen homeopatiaren oinarriari zer deritzozu?
Hori da homeopatiaren oinarrietako bat: sukarra sendatzeko, esaterako, sukarra sortzen duen sendagai bat hartu behar dela. Horrek badu nolabaiteko antzekotasuna txertoekin; txertoetan, infekzio agentea erabiltzen dugu, hilda edo ahulduta, gorputzaren defentsa erreakzio bat lortzeko. Baina, bitxia bada ere, homeopatak txertoen kontra egon ohi dira. Ni mikrobiologian aritzen naizenez, gai hau bereziki iruditzen zait deigarria. Izan ere, homeopatiarekin zerikusiren bat izan dezakeen ohiko medikuntzaren arlo bakarra errefusatu egiten dute, gaixoaren barruko sistema aldatzen ari garelakoan, ez baitute sinesten mikroorganismoak gaixotasunen sorburu direnik, hori frogatzen duten ebidentzia zientifikoak erabatekoak diren arren. Alde horretatik, homeopatiak XVIII. eta XIX. mendeetako usteei eusten die, nahiz eta, zorionez, geroztik zientziak asko aurreratu duen.
Zeintzuk izaten dira produktu homeopatikoen osagaiak?
Substantzia batzuk omen daude, baina, hainbeste diluitzearen poderioz, dauzkagun tresnekin ezin dugu atzeman substantzia horien molekula bakar bat ere. Normalean, azukrea, laktosa eta ura baino ez dugu topatzen. Suposatzen da ur horretan zerbait dagoela, baina ezin da detektatu. Haiek diotenez, urak memoria antzeko bat omen du, eta diluzioa modu berezi batez astinduz lortzen omen da horren bizi-indarra suspertzea: jakina, zientzialari baten ikuspegitik, niri iruditzen zait horrek zerikusi handiagoa duela magiarekin zientziarekin baino.