Guardia Zibilak, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak Espainiako Estatuan jarduten zuen narkotrafiko sare bat desegin dute. Polizia indarrek 32 pertsona atxilotu dituzte; horietako hamasei Bizkaian eta Gipuzkoan. Valladolideko (Espainia) Instrukzioko 1. Epaitegiak zuzendu du Drache deitutako operazioa, eta horretan 200 kilo pasa kokaina bahitu dituzte poliziek. Poliziaren arabera, Espainiako Estatuko narkotrafiko sare aktiboenetako bat zen.
Ertzaintzak jakinarazi du Bilbon, Loiun, Galdakaon, Getxon, Urdulizen, Lezaman, Erandion, Sestaon (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa) egin dituela atxiloketak, eta taldearen burutzat jotzen zena Bizkaian bizi zela. Hain zuzen, azken horren bizilekua izandakoan 22.000 euro topatu dituzte, hainbat tokitan gordeta. Poliziek 205 kilo kokaina, 155 kilo marihuana, sei kilo speed, eta 1,2 kilo heroina bahitu dituzte operazioan.
Ikerketaren arabera, taldeak speeda eta heroina Herbehereetatik ekartzen zituen Espainiako Estatura, eta eskala txikian egiten zuten banaketa, Bizkaitik eta Valladolidetik. Urdulizen, hain zuzen, speeda faltsutzeko eta gordetzeko lokal bat desegin du Ertzaintzak. Gauza bera egin du Lezaman: marihuana landatzeko sail bat desegin du.
Taldearen burua Bizkaian bizi zen, eta ikerketapean zegoen. Ertzaintzaren esanetan, 2011. urtean atxilotu egin zuten, Errumanian, aldean 150 kilo kokaina zeramatzala.
Hainbat fasetan egin dute operazioa. Ertzaintzako komisario batek, Guardia Zibileko batek eta Espainiako Poliziako beste batek agerraldi bat egin dute gaur prentsaren aurrean, Valladoliden, horren berri emateko. Azaldu dute operazioa iazko apirilean hasi zela, eta «konplexua» izan dela, taldeak azpiegitura eta antolaketa mardula zituelako.