Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak (NATO) Errusiarekin zuen elkarlana utzi du, Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak esan duenez. Aldi berean, Ukrainarekiko laguntza handituko du. Alexander Turtxinov Ukrainako Parlamentuko presidentearekin bildu da Rasmussen. Bilera horren ondotik berretsi du Errusiak "etsai gisa" ikusten duela NATO, eta ez du baztertu hari zigor gehiago jartzea.
Bestetik, Errusiak xehetasun gehiago eman ditu ezarri dizkioten zigorrei erantzuteko hartu duen erabakiaren gainean: "Errusiak erabateko debekua jarri die barazki, ortuari, txahal eta zerri haragi, fruta, hegazti haragi, arrain, gazta, esne eta esnekiei", azaldu du Moskuk. Produktu horien inportazioak debekatuko dizkie Europako Batasuneko herrialdeei, AEBei, Australiari, Kanadari eta Norvegiari, urtebetez. Debekatutako inportazioek 5.252 milioi euroko balioa dute, Europako Batzordeak kalkulatu duenez.
Ukrainako gatazka dela-eta Errusiaren aurkako zigorrak babestu dituzten herrialdeen inportazioak debekatzeko agindu zuen atzo Vladimir Putin presidenteak. Erabakiaren helburua herrialdearen "segurtasuna bermatzea" da, Errusiaren arabera.
Debeku horien ondorioz, Hego Amerikako hainbat herrialdetako enbaxadoreekin bildu da Errusiako ordezkari bat, inportazioez hitz egiteko. Ekuadorreko, Txileko, Argentinako eta Uruguaiko enbaxadoreekin izan da, eta Brasilgoarekin biltzea espero du. Patricio Chavez Ekuadorreko enbaxadoreak baieztatu duenez, "esportazioak handitu eta dibertsifikatzeko" aukeraz mintzatu dira.