Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak gakoa "irtenbideak topatzea" dela uste du: "Gertatu denaren inguruko eztabaida teorikoa egin beharrean, hau da, estatu kolpea izan den edo ez kalifikatzea". Garrantzitsuena, beraz, "bide demokratikora" itzultzea dela adierazi du Rasmussenek, eta "guztien gobernu zibila ahalik eta azkarren" berrezartzea.
Aldi berean, "oso kezkatuta" agertu da Egiptoko egoerarengatik eta gertatzen ari diren eraso eta heriotzengatik. Hori dela eta, egiptoarrei "neurriz" jokatzeko eskatu die, "bortxa" saihestu dezatela eta giza eskubideak errespeta ditzatela. Rasmussenen ustez, Egiptoko egoera zerbait "bakana" da, eta ez du uste beste herrialdeetara "kutsa" daitekeen fenomeno bat denik.
Rasmussenen adierazpenak Europako eta AEBetako agintarien ildo berean doaz. Barack Obamak armadari eskaera bat egin dio: itzul diezaiola boterea demokratikoki aukeratutako gobernu zibilari. Catherine Ashton Europako diplomatuak ere "bide demokratikora ahalik eta azkarren itzultzea" galdegin dio Egiptori.