EDT Hercules ez da izango Sestaoko ontziolatik aterako den azken itsasontzia. Petrolio plataformak hornitzeko itsasontzia da martxoaren 13an entregatu zuen ontziola historikoak, eta ordutik laino beltzek estali zituzten Ibaizabaleko ibarretako nasak, erregulazio dosier eta kezkaren itzalez. Geroa argitu da, ordea, ontziolako langileentzat, hein batean behintzat, eta bi urterako gutxienez. Navalek ferry handi bat egiteko kontratua sinatu du Herbehereetako TESO konpainiarekin (Royal N.V. Texels Eigen Sttomboot Onderneming).
Herbehereetan, Frisia historikoaren barruan dagoen Den Helderreko portua eta Texel uharte turistikoa lotuko ditu ferry erraldoiak. 1.750 lagun eta 350 auto garraiatzeko gai izango da; 135 metro luze eta 28 zabal izango da ontzia, ez alferrik, eta puntako teknologia eramango du, Navalek berak azaldu duenez. Langabeziaren mehatxua ez da desagertu ontziolako 236 beharginentzat, baina mamua askoz txikiagoa da.
'Tax lease' sistema berria
Azken hilabeteetan Navalek kontratu bat lortuko ote zuen zurrumurrua etengabe ibili da, sindikatuen presioaren aurrean. Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Diputazioko hainbat ordezkarik kontratu hori sinatzear zegoela esan dute behin baino gehiagotan, baina atzo arte ez zen albistea iritsi. «Azken asteetan lehia handi bat egon da Europako beste ontziola batzuekin, baina azkenean, Navalen proposamena gailendu da, bere eraginkortasun teknikoari esker», dio enpresak ohar batean.
Telxelstroom egiteko enkarguak 600.000 orduko lana bermatu du bi urterako, eta zeharkako enpleguan ere asko sumatu daiteke ferryaren eraikuntza lana, «hainbat milioi eurotako balioa» izango duelako. Enpresak ez du zehaztu kopurua.
Europako Batzordeak ontzien eraikuntza finantzatzeko Espainiak baliatutako tax lease sistema legez kanpo utzi izanak estu hartu zituen Euskal Herriko ontziolak, baina gehienek lortu dute egoerari buelta ematea, eta kontratu berriak lortu dituzte azken hilabeteotan. Naval zen salbuespena atzo arte, eta hori dela-eta langileek izan duten presioa are handiagoa izan da; protesta erromesaldi bat izan da egoera larriaren testigantza. Kontratu berriak lortzeko Zamakona, Murueta eta Balenciaga baino zailtasun handiagoa zituela ere zabaldu zen, ontzi oso handien atalean lehiatzen delako Naval; ontzi ez hain handien eraikuntzan kontratuak egiten gehiago asmatu dute beste ontziolek.
Texelstroom erronka handia izango da Navalentzat, edonola ere. Ferry simetriko bat eraiki behar da, aurretik eta atzetik berdin (branka eta popa izango ote du?), irla eta kosta birarik eman beharrik gabe lotzeko. Horrek ekarriko du makina ganbera bikoitza izango duela eta gobernantza eremua ere bai. Dieselarekin edo gas naturalarekin nabigatzeko gai izan behar du, gainera, eta 700 metro koadro eguzki panel ere izango ditu argindarra lortzeko