"Ados al zaude bide zoruaren eta landa bideetako areken mantentze lanetarako landa eremuko ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirian %20ko tasa ezartzearekin?". Galdera hori egin nahi zien herritarrei Navaridasko Udalak (Araba). Espainiako Konstituzioko 149. artikuluaren arabera, Espainiaren eskumena da kontsultak baimentzea, baina Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak ukatu egin dio baimen hori Arabako herri horri.
Espainiako Gobernuak argudiatu du, legearen arabera, tokiko ogasun kontuak galdeketa bat egiteko gaietatik kanpo geratzen direla eta, beraz, Navaridasko Udalak egin asmo duen galdeketak ez duela legeria betetzen.
Galdeketa proiektuari buruzko txostena Espainiako Gobernuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariari eta Eusko Jaurlaritzari igorri diote, eta biek eman dute kontsulta egitearen aurkako iritzia.