Nafarroako aurrekontuak

Navarra Sumaren osoko zuzenketa atzera bota dute Nafarroako Parlamentuan

Navarra Suma bakarrik geratu da. Parlamentuan ordezkaritza duten gainerako alderdi guztiek atzera bota dute koalizioaren osoko zuzenketa.

Barkos eta Esparza, parlametuan. VILLAR LOPEZ / EFE
2020ko azaroaren 26a
13:00
Entzun

Nafarroako Gobernuaren 2021eko aurrekontu proiektuaren tramitazioak aurrera egingo du parlamentuan. Navarra Sumak aurkeztutako osoko zuzenketa atzera bota dute parlamentuko gainerako alderdiek: PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak. Gobernuak EH Bildurekin lortutako akordioari esker aurrekontua aurrera ateratzea ahalbidetuko duten indarrak dira, hain zuzen.

Aurrekontua 4.840 milioikoa da, iazkoa baino 6,5 handiagoa. Elma Saiz Ogasun sailburuak esan du gastuaren %55 gizarte ongizaterako erabiltzea jasotzen duela.

Javier Esparza Navarra Sumako bozeramaileak gobernuari egotzi dio EH Bildu «zuritzeko» aurrekontuak izatea. «Nafarroako independentismoa indartuko du, eta garapen ekonomikoa eta soziala geratuko dute», esan du, Maria Txibite lehendakariari mintzatuz: «Badaude Nafarroan sozialistak goragalea eragiten diena EH Bildurekin akordioa egin izana». Aurrekontuen negoziazioan ez sartzeko Esparzaren argudio nagusia EH Bildurekin akordioa lortu izana izan denez, PSNko Ramon Alzorrizek gogora ekarri dio UPNk 1993an HBrekin negoziatu zuela, «astero ETAk hildako pertsonak zeuden garaian». UPN lurperatu izana egotzi dio Esparzari: «PPren esku utzi duzu, eta herritarrengandik urrundu duzu». Navarra Suma jada ez da eraginkorra Nafarroan, Alzorrizen ustez. «Aurrekontuen gaineko eztabaida bat identitateen gaineko eztabaida bihurtu nahi izan duzu, ez daukazulako argudiorik aurrekontuak atzera botatzeko».

Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak ere Navarra Sumaren jokabidea salatu du: «Ez diote osoko zuzenketa bat aurkeztu gobernuari, baizik eta Nafarroa osoari, pertsonen eta gizarteen interesei, egungo krisi egoera larriarentzako erantzun bat proposatzen duen proiektuari».

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak ere bat egin du salaketarekin:«Navarra Suma gero eta urrunago dago herritarrengandik. Hamaikagarren aldiz porrot egitera doaz, eta ni poztu egiten naiz. Ez dizuegu aukerarik txikiena ere emango azken hamarkadetan Nafarroan egin dituzuen politikak egiteko». Ruizek esan du lehentasuna pertsonen benetako beharrak betetzea dela, horretarako ezin dela murrizketari izan, eta inbertsio publikoa areagotu egin behar dela osasunean, hezkuntzan eta eskubide sozialetan inbertituz. Aurrekontuak norabide horretan jartzeko lana egin dutela esan du.

Podemoseko Miguel Builek ere Navarra Sumaren jarrera kritikatu du: «Ez dakit jabetzen zareten azken hilabeteetan Nafarroan COVIDarengatik jende gehiago hil dela ETAk bere historia osoan hil zuena baino».

Ezkerrako Marisa de Simonek ere gobernuak aurkeztutako aurrekontuen alde egin du, gastu soziala areagotzen duelako.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.