Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartutako 1973 ebazpenak Libiako erregimenari aurre egiteko "beharrezko neurriak" hartzea baimentzen du eta, hain zuzen ere, dokumentua sustatu duten herrialdeak dira premiazko esku hartzearen alde sutsuen agertu direnak. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak berak ebazpena sostengatzen duten estatuak gonbidatu ditu gaur Eliseora; NBE Nazio Batuen Erakundeko, EB Europako Batasuneko, Europako Kontseiluko eta Liga Arabiarreko ordezkari gorenak elkartu dira; hala nola, hainbat estatu eta gobernu buru. Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria ere bertan izan da.
NATOren babesik gabe operazio militarra martxan jartzeko aukeraz mintzatu dira agintariak eta, ondorioz, koalizio bat eratzeko aukeraz. Honezkero ugari dira koalizio horrekin bat egiteko prest agertu direnak eta euren baseak eta bitartekoak koalizioaren eskura jarri dituzten estatuak: AEBak, Belgika, Danimarka, Espainia, Herbehereak, Italia, Kanada eta Norvegia.
Alemaniak eta Maltak, berriz, uko egin diote operazio horretan parte hartzeari —Segurtasun Kontseiluan abstentzioa eman zuen bost herrialdeetako bat izan zen Alemania—.
NATO, bien bitartean, zuhurrago agertu da, ezen, operazioa bideratzeko erakundeko 28 estatuen oniritzia behar du, eta zaila izango du esku hartzearekin eszeptiko agertu diren herrialdeak berera ekartzeko —Alemania eta Turkia—. Anders Fogh Rasmussen idazkari nagusiak, hala ere, premiazkotzat jo du esku hartzea, eta orain arte erakundeak ezarritako baldintzak betetzen direla aitortu du: NBEren babesa izatea, benetako beharra dagoela frogatzea eta eskualdeko herrialdeen sostengua izatea.