Bi urte beteko dira laster Iñigo Cabacas Athleticen zalea hil zuela Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek, eta ekitaldi sorta antolatu du Iñigo Gogoan herri ekinbideak. Errepresioari zein polizia ereduari buruzko mahai inguruak egingo dituzte, esaterako, eta Cabacasen lagunek bi urteotan bizitakoa kontatuko dute. Cabacas hil zeneko bigarren urteurrenean, apirilaren 5ean ekitaldia egingo dute senide eta lagunek eguerdian. Arratsalderako, besteak beste, manifestazioa prestatu dute, eta Fermin Muguruzak, Jare musika taldeak eta bertsolariek lagunduko dute.
Cabacasen lagunek justizia aldarrikatu dute, beste behin. Taldekideari gertatutakoak bizitza zenbateraino aldatu dien kontatu dute, eta lagunari egin zioten promesa betetzeko ahaleginean "amaiera arte" jarraituko dutela jakinarazi dute: gurasoekin egon eta haiek babestuko dituztela eta Cabacas hil zutenei "ordainaraziko" dietela. Herritarrei ere justizia eskatzeko eta poliziaren gehiegikeriak salatzeko eskatu diete; "herritarron eskubidea" defendatzeko.
Jone Goirizelaia abokatuak ikerketetan sakondu nahian jarraitzen duela jakinarazi du, eta inputazio gehiago eskatu dituela azaldu du. Aginte maila askotako pertsonak inputa ditzatela galdegin diola epaileari. Erantzunaren zain dago, baina biltzen ari diren froga mordoa kontuan hartuta, epaileak eskaera onartuko duen esperantza du.
Beste bide bat ere jorratuko du defentsak. Europan salatuko du Cabacasen heriotza. Nazio Batuen Erakundeak jardun arbitrarioetarako duen kontalariaren aurrean auziarekin gertatzen ari dena salatzeko aukera ikusi du, eta halaxe egitea erabaki du. Poliziak egindako gehiegikeriak aztertzen ditu kontalari horrek, eta, gertaera zehatzei buruzko ikuspuntuak bildu ondoren, ondorioak ateratzen ditu. Baita gomendioak eman ere. Goirizelaiaren ustez, aldatu beharra dagoen polizia ereduari buruzko gomendio zehatzak eman ditzake Nazio Batuen Erakundeko kontalari bereziak.
'Cabacas auzia'
Nazio Batuen Erakundeko kontalariagana joko du Cabacasen defentsak
Goirizelaia abokatuak uste du jardun arbitrarioei buruzko ikuskatzaileak auzia aztertu eta polizia ereduari buruzko gomendioak emango dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu