NAZIO ERAIKUNTZA. BAI EUSKAL HERRIARI EKIMENA. Izan eta egin

Bai Euskal Herriari ekimenak lan ildoak zehaztu ditu, nazio eraikuntzan ari diren eragileen arteko elkarlana sustatzeko

jokin sagarzazu
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
«Euskal Herriaren nazio izatea ukatua den unean aurkitzen gara. Une honetan Euskal Herriaren nazio izatea aldarrikatu, irudikatu eta sustatzean datza gure funtzio nagusia. Horretarako, nazio gisa ikusi, pentsatu eta jardutea dagokigu». Nazio eraikuntzaren eztabaidan ekarpen berrituarekin dator bai Euskal Herriari ekimena. Hamar urte bete ditu, eta urte horietan eginiko lanari buruz eta aurrerantzean egin beharrekoari buruz hausnarketa prozesu bat egin dute ekimeneko kideek. Ateratako ondorioak eta zehaztutako lan ildoak txosten batean bildu dituzte, eta nazio eraikuntzan lan egiten duten eragileekin partekatzea da haien asmoa, naziotasuna modu eraginkor batean lantzeko helburuarekin.

Hausnarketa prozesu horretan, euskal naziotasuna ardazten duten elementuak zehaztu -historia, lurraldetasuna eta nazio identitatea zein nortasuna-, esparru horietan lan egiten duten eragileak identifikatu eta egungo egoeran zer bide landu behar den marraztu dute. Txostenean arreta berezia jarri dute migratzaileen integrazioaren alorrean eta euskal kirolarien aldarrikapenetan.

Eskubide zibil eta politikoen aldeko herri ekimen gisa sortu zen Bai Euskal Herriari 2000. urtean, eta urte horietan Euskal Herriaren eta euskal herritarren nazio eskubideen inguruan sakondu du bere lana. Gaur egun, ekimenaren lana naziotasun ikurren baitan kokatzen da, Geurea Ikurrina eta antzeko arlo eta egitasmoak sustatuz eta landuz. Egindakoaz hausnartu ondoren, aurrera begira jarri dira. «Izan garelako gara, baina izateko egin beharra dago», dio Mikel Luloaga ekimeneko kideak.

Auzolana da Bai Euskal Herriaren lan moldea, «ukazio, desitxuratze eta zapalkuntzen gainean» herriz herri ekimen txiki eta xumeak antolatuz. «Espainiako eta Frantziako banderen inposizioaren aurkako kanpainak antolatu ditugu, egutegi propio baten aldeko aldarrikapena zabaldu, Euskal Herriko herri, elkarte edo ikastolen arteko senidetzeak sustatu... Kontu txikiak dira, baina gaur egun estrukturalki jarriak dauden mugak gainditzea lortu dugu», dio Luloagak.

Lan egiteko logika bat

Naziotasuna esparru bat izatetik haratago doan ildoa dela uste du Bai Euskal Herriari ekimenak. Luloagaren hitzetan, nazio eraikuntzan eraginkor aritu nahi bada, beharrezkoa da «ikuspegi oso bat» lantzea eta «lan egiteko logika» bat zehaztea. «Ikuspegi nazionalik gabe ez dago praktika nazional bat abiatzerik», nabarmendu du.

Luloagaren arabera, nazio eraikuntzan ari diren eragileen artean nolabaiteko atomizazio bat dago, «bakoitza bere kasa ariko balitz bezala, batzuek naziotasuna elementu historiko gisa landuz, beste batzuek elementu kultural gisa landuz, arlo politikoa landuz...». Bai Euskal Herriari ekimeneko kideen aburuz, indar sakabanaketa hori amaitu behar da, eragileen artean sinergiak sortuz. «Naziotasunaren inguruko ikuspegi osoa lantzea falta da. Elementu historiko, kultural eta politikoak batera landu behar dira».

Ideia hori irudikatzeko hainbat adibide jarri ditu mahai gainean Luloagak: «Esparru sozioekonomikoan, adibidez, ikuspegi nazionalik gabe landu daiteke Euskal Herriko sozioekonomia, baina helburua Euskal Herriko esparru sozioekonomikoa eraikitzea bada, hori nazio ikuspegirik gabe ezinezkoa da». Gauza bera dio euskararen alorrean, kirolean, folklorean... «Dantza talde askok esaten digute ez dutela politika kontuetan sartu nahi. Aldiz, dantzaren bidez zazpi herrialdeetako ikurrak erakusten dituzte gure herriaren nortasunaren erakusle. Horrek ez du esan nahi lan hori gutxiesten dugunik, balio handikoa da alor horretan, baina lanketa hori partziala da».

Hustu eta berreraiki

Bai Euskal Herriari ekimeneko kideen irudiko, Espainiako eta Frantziako estatuek aspalditik jarri zuten abian euskal nortasuna biltzen dituzten indarrak zatitzeko estrategia. «Gure nazio identitatea desegitea lortu ez dutenez, zatiketa eta desitxuratze estrategiak abiatu dituzte», dio Luloagak. Asmo hori azken urteetan nabarmen indartu dutela uste du; eta, besteak beste, zatiketa administratiboaren bidez «errealitate berri» bat sortzera iritsi direla dio. «Nafarroa, adibidez, euskal nortasunaren aurkako errealitate gisa proiektatzen dute. Eta Frantziak Ipar Euskal Herria bertako identitate ikurrak tokiko folklore gisa erakusten ditu, balio politikoa kenduz».

Nortasun ikurren arloan lan egiten du batik bat Bai Euskal Herriari ekimenak, eta eremu horretan azken hamabost urteetan administrazioen aldetik atzerakadaegon dela uste du Luloagak. Estatuak euskal ikurrak «desegiten» eta egungo administrazioen barrenean txertatzen saiatu direla dio. Hustu eta berreraiki: «Egungo administrazioetatik saiatu dira euskal ikur horien esanahia aldatzen. Ikurrina EAEko nortasun gisa hartu dute, eta Nafarroan debekatzen saiatzen dira. Ikurrei esanahi politikoa kendu nahi diete, eta beste balio batzuk sartu».

Jauzi hori ikurretan ez ezik beste hainbat alorretan islatu dela dio Luloagak. Hezkuntzan, adibidez, euskal curriculumarekin: «Euskadi eta Euskal Herria izenen artean egon da eztabaida.Izena eta izanaren arteko guda horretan sartu nahi gaituzte». Kirolean: «Gauza bera egin dute euskal selekzioen alorrean. Partidarik ez jokatzea oinarrizko futbolaren kalterako dela diote. Nongo oinarrizko futbola? EAEkoa, alegia. Kirolariak ohartu dira estrategia horretaz, eta selekzioa aldarrikatze hutsa egin ondoren, orain sistema nazional propioa aldarrikatzen dute. Muskulua sortzen ari da kirolaren alorrean ere». Eta egutegiarekin ere antzeko zerbait gertatu dela dio Luloagak. Urriaren 25a Gernikako Estatutuaren Eguna edo Euskal Autonomia Erkidegoaren Eguna izendatu izana jarri du adibide gisa: «Zatiketaren zatiketarekin jokatu nahi dute. Egutegia beti egin izan da beraiek ospatu nahi dutenaren arabera. Egutegi batek bere herriaren bizi erritmoa, lan erritmoa hartu beharko luke kontuan. Egutegi ezberdin bat edukitzearekin zer lortzen dute? Herri baten erritmoa apurtzea».

Era berean, EITBk nortasunaren afera nola lantzen duen salatu du, eta nazio perspektiba kendu nahi izatea leporatu die komunikabide publikoko arduradunei. «Azken zazpi hilabeteetan zazpi aldiz aldatu dute Euskal Herriko mapa. Gaur egun jada lortu dute EAE bakartuta irudikatzea. Era berean, N-1 errepidean istripu bat dagoenean, Madrilerako norantzan edo Frantziarako norantzan izan dela diote».

«Jendeari ikusarazi behar diogu zer gertatzen ari den». Hori guztia ikusirik «kritikotasuna landu» beharra dagoela nabarmendu du Luloagak.

Ikur onak eta ikur txarrak

Autokritikarako lekua ere badu Bai Euskal Herriaren hausnarketak. Nortasun ikurrei dagokionez, adibidez, Luloagak uste du «eztabaida antzu» bat dagoela ikur onen eta ikur txarren artean. Ikurrina, Nafarroako bandera, Arrano Beltza... ikur horiek guztiak «tresnak» direla dio Luloagak, eta ikur horiei esanahia ematen diotena haiek erabiltzea dela dio. Erabileran dago gakoa: «Ez dago ikur on edo txarrik, zuzen edo okerrik. Zer irudikatzen duzun, zer esan nahi duen eta zer esatea nahi duzun da gakoa, eta hori landuz egiten da. Guk ez dugu eztabaida mistikorik sortu nahi. Agian etorriko da garai hori: estatua izaten dugunean. Bitartean, erabil ditzagun ikur guztiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.