Euskal ordezkarietako inork ez zuen hitza hartu urtarrilaren 27ko eztabaidan Elvira Kortajarena eta Ramon Jauregi sozialistak eta Iñaki Txueka jeltzaleak dira erakunde honetako kide, baina Kataluniarekin eta Galiziarekin batera, Euskal Herria eztabaidagai izan zen une labur batez, Lluis Maria Puig sozialista katalanak egindako aipamen baten harira. Frundaren txostena eta gomendioak goraipatu zituen Puigek, eta Espainiako legeriarekin bat zetozela nabarmentzeko, Espainiako Konstituzioak nazioak definitzean nazionalitateak aipatzen dituela azaldu zuen, eta horrek ziurtatzen duela «gatazkarik ez izatea» Euskal Herriaren, Kataluniaren, Galiziaren eta «gainerako erregioen artean».
Espainiako PPko kide Pedro Agramuntek hitza hartu zuenean, Puig sozialistak bezala Frunda txostengilearen gomendioak babestu ondoren, Euskal Herria, Katalunia eta Galizia naziotzat hartzea «kontzeptu okerrak» erabiltzea zela ohartarazi zuen: «Leku horiek sekula ez dira, historian zehar, nazio gisa aitortuak izan. Ez da ez beharrezkoa ez onargarria historia berriro asmatzea». Bera Valentziakoa dela argituzuen Agramuntek, «katalanaren antzeko hizkuntza» hitz egiten duela, baina horregatik ez duela aldarrikatzen naziotasuna. Deszentralizazioa «nazioen ugaritasunarekin» ez dela nahastu behar ohartarazi zuen, eta Espainiako Konstituzioak nazioa bakarra dela zehazten duela. «Beste hizlari batzuk Errumaniako hungariarrei buruz eta Ukrainako moldaviarrei buruz mintzatu dira. Hori guztia ondo dago, baina txostengileak eta Europako Kontseiluak ez dute hori baino areago joan behar».Agramuntek zorionak eman zizkien txostengileari eta nazioaren kontzeptuari buruzko eztabaidan parte har zuten guztiei, eztabaidaren maila handiagatik.
NAZIO KONTZEPTUA EUROPAN. Gomendio egokiak, moldaviarrentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu