Joan zen urtarrilaren 27an Estrasburgon egindako biltzar parlamentarioko eztabaidarekin eta bozketarekin eman zion bukaera Europako Kontseiluak, 46 estatu biltzen dituen erakundeak, hiru urte lehenago hasitako eztabaida prozesuari. Europako Kontseiluko biltzar parlamentarioa ez da erabakigune bat, gomendioak eta irizpideak ematen dituen topagunea baizik, baina estatu kideek gomendio horiek aintzat hartzeko konpromisoa dute. Estatu kide bakoitzeko parlamentu nagusietako diputatu eta senatariek hartzen dute parte bertan, guztira 315 hautetsik.
Errumaniako hungariarrak
Hungariako lege baten harira sortu zen kezka, 2003an. Hungariatik kanpo bizi diren magiarrei buruzko legea onartu zuten Hungarian 2001eko ekainean, kulturaz eta hizkuntzaz hungariar diren arren Errumaniako edota Eslovakiako herritartasuna dutenei buruzko legea. Nazioaren kontzeptua erabili zuen Hungariako legeak, estatu barruan ez ezik kanpoan bizi diren magiarrak ere barruan hartuz. Lege horrekin Hungariak estatuen arteko mugak auzitan jartzen ote zituen aztertzeko eskatu zioten Europako Kontseiluko Lege Aferei eta Giza Eskubideei buruzko batzordeari. Azterketa eta eztabaidaren ondoren, ezetz ondorioztatu zuen.
Dena den, gai horri buruzko ebazpena ematerako orduan naziotasunaren esanahia argitu beharra zegoela jabetu zen batzordea. 2003ko ekainean, Gyorgy Frunda Europako Alderdi Popularreko kideari eman zioten txostena eta proposamen zirriborroa egiteko ardura. Errumaniako hautetsia da Frunda, Errumaniako Hungariarren Batasun Demokratikoko hautetsia. Errumaniako parlamentuaren ordezkaria da, beraz, Europako Kontseiluan, baina hungariarra da hizkuntza, kulturaz etaÉ nazioz?Europako Kontseiluko estatu kideetako parlamentuetara galdetegia bidaliz hasi zuen lana Frundak zuzendutako taldeak. Estatu bakoitzeko konstituzioetan eta legeria nagusian nazioaren eta herriaren kontzeptuak nola erabiltzen dituzten galdetu zien Frundak estatu kide guztiei, eta 35en erantzunak jaso zituen. Azterketa horren ondoren hainbat aditurekin topaketa egin zuten, 2004ko ekainaren 7an, Berlinen; Frundak berak gerora txostenean azaldu zuenez, nazio kontzeptuari buruzko definizio komun batera heltzea oso zaila, ia ezinezkoa, zela ondorioztatu zuten jardunaldi hartan.
Austriarra aurrena, sovietar gero, eta ukrainar azkenik
Txostena 2005. urteko abenduan bukatu zuen. Funtsean, Europako Kontseiluko estatu kideen artean nazioari buruzko bi kontzeptu oso bestelako erabiltzen direla ohartarazi du Frundak: nazioa kulturaren eta hizkuntzaren arabera definitzen dute batzuek, Alemaniako tradizioari jarraiki nazio kulturala, eta nazioa estatuarekin parekatzen dute besteek, Frantziako tradizioari jarraiki nazio zibikoa.
Nazio kulturalean, nazioaren kontzeptua «erkidego etniko-kulturalarekin» lotua dagoela dio Frundaren txostenak, eta «pertsona fisiko batek erkidego horrekin modu librean eta aldebakarrekoan duen harremanean oinarritzen da, eta erkidegoko kideen arteko harremanak baino ez ditu hartzen bere baitan». Nazio zibikoan, aldiz, nazioaren kontzeptua legezko lotura besterik ez da, estatuaren eta gizabanakoaren arteko lotura. Eta bien arteko desoreka dagoela uste du Frundak eta Europako Kontseiluak onetsi egin du bere irizpidea, ondorioak onartuz, Estatu-nazioak XIX. mendean sortu ziren bezala sortu zirelako, eta bi mundu gerratan mugak mugitu ziren bezala mugitu zirelako. Gaur egungo Ukrainiako 81 urteko laborari batek, bizi izan dituen gorabeheren berri eman zuen, honen adierazgarri, urtarrilaren 27ko bilkuran: beti herrixka berean bizi izan delarik, austriar-hungariarra izan zen nazioz haurtzaroan, sovietarra gerora, eta ukrainarra bizitzaren azkenean.Nazio kontzeptuaren erabileraren araberako hainbat sailkapen egin ditu Frundak txostenean. Konstituzioetan nazioaren eta herriaren kontzeptua nola erabiltzen dituzten kontuan hartuta egindako sailkapenean, estatua nazioarekin parekatzen dutenen artean sailkatu du Frantzia, eta nazioa eta herria kontzeptuak parekatzen dituztenen artean Espainia; bi kasuetan, estatuko kide guztiak nazio bakarreko kide dira.Nazio eskubideen aitortzaren araberako sailkapena ere egin du Frundak: azterketa horretan, nazio etnikoei edo kulturalei eskubide kolektiboak aitortzen ez dizkiotenen artean sailkatu ditu Frantzia eta Espainia; gizabanakoek eskubideak bermatuta daude,baina eskubide kolektiboak ez daude aitortuta.
Europako Batasunari deia
Bozketaren eguneko eztabaidan Frundak berak azaldu zuenez, bere ustez garrantzitsua ez da nazioaren kontzeptu berria formulatzea, Europako Kontseiluak eskatu zion bezala, baizik eta «XXI. mendeak nazioa pentsatzeko era berritzea, nazioa berriro pentsatzea», kontuan hartuta nazioen eta estatuen mugak askotan ez datozela bat.
Ondorio nagusiak proposatu ondoren, Europako Batasunak ere gomendioekin bat egin beharko lukeela ohartarazi zuen txostengileak: «Europako Batasunak ez du oraindik gaiaren inguruan era honetako lanik egin. Europako Batasunak, beraz, gure esperientziaren beharra du. Europarako etorkizun komuna eraiki dezakegu, gehiengoek eta gutxiengoek elkarrekin lan egin ahal izan dezaten».Azkenean, hizlarietako batzuk gomendioen aurka hitz egin bazuten ere, talde nagusietakoek alde bozkatuko zutela jakinarazi zuten, tartean Europako Alderdi Popularra eta Europako Alderdi Sozialista, eta erraz onartu ziren Frundak proposatutako gomendioak. Besteak beste,estatuetako legerietan «gizabanako guztiei norbere nazio kulturaleko kide gisa definitzeko aukera» ematea beharrezkotzat jotzen dute puntua.Frundak berak eta beste parlamentario batek abiatutako lanari jarraipena emanez urrunago ere joan nahi izan zuten, azken orduko zuzenketa baten bidez: protokolo bat lantzea proposatu zuten, erkidego eta gutxiengo nazionalen eskubideen alorrean estatu kideek bete beharreko gutxiengo estandarrak ezartzeko. Baina talde nagusiek ez zuten proposamena onartu, eta atzera bota zuten.
Europako Kontseiluak nazio kontzeptuari buruz onartutako gomendioak
1735/2006 erreferentzia du nazioaren kontzeptuari buruz Europako Kontseiluko biltzar parlamentarioko osoko bilkurak onartutako ebazpenak. Hamasei gomendio dira guztira. Hona pasarteetako batzuk.
Asmoa: «Nazio kontzeptuak kontzeptu berriro pentsatuak, modernizatuak, egokituakXXI. mendeko Europan gutxiengo nazionalei eta euren eskubideei buruzko auziari aurre egiten lagun dezakeen eta nola aztertu du Biltzarrak (..)».
Definitu ezina: «Legeen inguruko gaien eta giza eskubideen batzordeak (...) ondorioztatu du zaila dela, ezinezkoa ez esatearren, nazio kontzeptuari buruzko definizio bateratua hitzartzea».
Bi ikuspegi: «Biltzarra jabetzen da nazio kontzeptuakEstatuaren eta pertsona fisikoaren arteko nolabaiteko kontratuzko harremana adierazten duela herritartasuna esan nahi duenean,eta errealitate kulturala (faktore kulturala edo estatus kulturala),berriz, erkidego etniko-kulturala esan nahi duenean; hala, pertsona fisikoak erkidego batekin duen harreman libre eta alde bakarrekoa da errealitate horren oinarria, eta erkidego horretako kideen arteko harremanak baino ez ditu hartzen bere baitan».
Gutxiengo nazionalak: «Aldi berean estatu eta nazio zibiko bereko eta bestelako nazio kultural bateko kide diren herritar taldeak bizi dira Europako Kontseiluko ia estatu guztietan» .
Lege estatusa: «Biltzarrak ikusi du, era berean,babes kolektiboa behar dutela gutxiengo nazionalek, eta gutxiengo horietako kideek ahalmena izan behar dutela legezko subjektu gisa jarduteko, bai gizabanako gisa eta bai legezko nortasundun entitateetan elkartuta ere (...). Eskubideen aitortza eta babesa nazio-estatu bakoitzaren barruan ez ezik maila transnazionalean ere antolatu behar da».
Naziotasuna definitzeko askatasuna: «Biltzarra sinetsita dago Europako gizabanako guztiei norbere nazio kulturaleko kide gisa definitzeko aukera ematea beharrezkoa dela, zein herrialdetako edo zein nazio zibikoko herritar diren kontuan hartu gabe (...). Garrantzitsua da, ikuspegi politikotik eta legezkotik, Estatuaren eta gutxiengo nazionalen arteko harremanen auziari modu toleranteago batean aurre egitea, gizabanako guztiek kide sentitzen diren nazioko kide izateko eskubidea izan dezaten, bai herritartasun arloan, bai eta hizkuntzaren, kulturaren eta tradizioen arloan ere».