Nazioak aitortuz gero, EAJk konstituzio erreforman parte hartuko du

2015eko uztailaren 17a
15:39
Entzun

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak esan du haiek prest daudela Espainiako Konstituzioa erreformatzeko prozesuan parte hartzeko, baina bertan nazioak aitortzen badira soilik. Ortuzarrek Bilboko Herri Irratian gaur emandako elkarrizketan adierazi du "Espainiako Estatuan garbi hiru nazio" daudela: "Katalunia, Galizia eta Euskadi", eta gaineratu du "nazioei nazio eta eskualdei eskualde deitzeko momentua" iritsi dela, nahikoa heldutasun politiko badagoelakoan.

"Nazio gisa errespetatua izan nahi duen lurraldeko lehen alderdia" EAJ dela esan dio PSOEri, eta jakinarazi dio euren laguntza nahi badute 1978ko konstituzioan gertatutakoa errepikatzerik ez dutela nahi: "Behetik berdindutako autonomien estatuarekin nahikoa eskarmentu izan dugu azken 35 urteetan".

Kataluniari buruz Ortuzarrek adierazi du Artur Mas Generalitateko presidenteari eta abertzale katalanei "beste irtenbiderik" ez zaiela gelditu. Hala ere, EBBko buruak ohartarazi du herrialde independente izateko beste estatuen aitortza behar dela. Horregatik, Katalunia Europako laupabost estatuk independente gisa onartuz gero, "independente izango da, Rajoyri gustatu ala ez". Hori gertatu ezean, ordea, uste du prozesua "etsipenean" eroriko dela.

EH Bilduk, aldiz, ez deritzo nahikoa Espainiako Konstituzioaren erreforma hutsa. Dena dela, koalizioa prest dago "estatuaren demokratizazio prozesu batean" parte hartzeko.  Horretarako, baina PP gobernutik "atera" egin behar dela uste du. Prozesu hori "Euskal Herritik eta Euskal Herriarenzat" sustatu behar dela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.