Londresera ez ezik, Eskoziaren balizko independentziaren beldurra Europara ere zabaldua zen azken asteotan. Horren froga dira gaur nazioarteko agintariek egindako adierazpenak. Espainia izan da hasperen egiten lehenengoetakoa. Iñigo Mendez de Vigo Europako gaietarako idazkaria "zoriontsu" agertu da unionisten garaipenagatik: "Albiste ona da azken hamarkadak Europa eraikitzeko lanetan eman ditugunontzat".
Pozik Frantzia ere. "Aurkakoa kalterako izango zatekeen. Uneotan Europako Batasunarekiko elkartasuna adierazteko bitartekoak aurkitu behar ditugu. Ez dut gustuko Europa osatzen duten nazioak zatitzen ikustea".
Enda Lenny Irlandako lehen ministroak erreferendumaren osteko urratsetara bideratu du arreta: "Hurrengo hilabeteetan eskuduntzekin gertatzen dena ikusi beharko dugu. Irlandak oso gertutik aztertuko du prozesua".
Europako Merkataritza komisarioak, Karel De Gucht belgiarrak, lasaitua hartu duela onartu du, "baiezkoak irabazi izan balu Sobietar Batasunaren gainbeheraren pareko lurrikara politikoa eragingo zuelako".
NATOko buru Anders Fogh Rasmussenek eskoziarren erabakiarekiko "errespetua" nabarmendu du, eta Erresuma Batuak aliantzan duen lidergoari eutsiko dion itxaropena agertu du.
Europako Batzordeko buru Jose Manuel Durao Barrosok ere ontzat jo du galdeketako emaitza eta iritzi dio "Europa batu eta indartsuagoa" bilakatu duela erabakiak.
Kanadako Gobernua ere gustura agertu da emaitzarekin. John Baird Atzerri Gaietarako ministroak esan duenez, Erresuma Batua "indar garrantzitsua izan da munduan". Galdeketa "modu baketsu, ireki eta demokratikoan" egin izana nabarmendu du.
Barack Obama AEBetako presidenteak eskoziarrak zoriondu ditu, "demokraziaren ariketa kementsuagatik". Ezezkoa gailendu izana txalotu du: "Ez daukagu Erresuma Batua baino gertuagoko aliaturik", esan du.