Baketzea

Nazioarteko aditu talde batek Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Plana aztertuko du bihar

Nazioarteko aditu talde bati ongi etorria eman dio gaur Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak, Lehendakaritzan. "Bakea lortzen eta gatazkak konpontzen adituak" diren sei lagunak Ibarretxek berak gonbidatuta etorri dira Euskal Herrira. Gaurko harreraren ostean Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du aditu taldeak bihar aztertuko duela lehendakariak berak, Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo sailburuek osatutako Kontseilu Politikoak prestatutako Bake eta Bizikidetza Plana.

2006ko irailaren 18a
19:48
Entzun
Joan den apirilean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Kontseilu Politikoaren Bake eta Bizikidetza Plana. Bost dira Planaren ardatzak: giza eskubide guztiak defendatzea; «terrorismoaren biktima guztiei» elkartasuna erakustea; oroimen historikoa berreskuratzea; askatasun eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egitea, eta torturari aurre hartzea eta atxilotuen eskubideak errespetatzea.

Nazioarteko adituak Kontseilu Politikoko kideekin bilduko dira bihar, hau da, Juan Jose Ibarretxe lehendakariarekin, Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarekin eta Javier Madrazo Etxebizitza sailburuak osatutako taldearekin. Ondoren adituek Bake eta Bizikidetza planari buruzko euren iritzia emango dute. Baita proposamenak egin ere.

"Bakea lortzen eta gatazkak konpontzen adituak

Gaur goizeko bederatzietan bildu dira sei adituak Ibarretxerekin: Pamela Aall, Ann Hope, Andrea Bartoli, Brandon Hamber, Pierre Hazan eta Alan Smith, hain zuzen. Bake eta Bizikidetza Planak dituen bost ardatzetako batean ekarpenak egin dituztelako bereziki aipagarriak dira adituok.

Pamela Aall Ameriketako Estatu Batuetako Bakerako Institutuko presidenteordea da. AEBetako Kongresuak sortutako eta ordaindutako erakundea da hori. Ann Hope, berriz, Ipar Irlandako Giza Eskubideen Batzordeko kidea da. Eta Alan Smith, Ulsterreko Unibertsitateko irakaslea eta unibertsitate horretako Bakerako Hezkuntzaren inguruko UNESCO katedrako zuzendaria da. Hiruek bakea eta giza eskubideen defentsa izango dituzte aztergai.

Parte hartzaileetako beste bat Andrea Bartoli New Yorkeko Columbiako Unibertsitateko gatazkak konpontzeko guneko zuzendaria da. Nazio Batuetako idazkari nagusiaren aholkularia da Bartoli gatazka eta genozidio kontuetan. Hori dela-eta, Bartoliri egokitu zaio eskubide zibil eta politikoen eta askatasunen gaineko ekarpenak egitea.

Brandon Hamber biktimetan espezializatutako hegoafrikar psikologo klinikoa ere egongo da. Hegoafrikako trantsiziorako eta adiskidetzerako Unitateak egindako lana koordinatu zuen psikologo horrek, eta Ipar Irlandan bere esperientzia aplikatu zuen. Bake eta Bizikidetza Planaren ardatzetako bat «terrorismoaren biktima guztiei» elkartasuna erakustea da. Hamberrek aztertuko ditu gai horri dagokion puntuak.

Pierre Hazan, bestalde, Liberation egunkariko berriemaile ohia izateaz gain, Nazioarteko Auzitegiei buruzko Suitzako Nazio Fundazioko ikertzaile eta Ginebrako Giza Eskubideen inguruko Zinemaldiaren sortzaileetakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.