Gatazken konponbidean eta giza eskubideen inguruan aditu den nazioarteko aholkulari taldeak gaur esan du, Gasteizen Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egindako bileraren ondoren, "bake prozesua sendotzeko beste aukera bat" dagoela ETAk abenduaren 30ean egindako atentatuaz geroztik, "negoziazio berriak egiteko".
ETAren ekintza hura "erronka" izan dela ere azpimarratu dute adituek, "baina horrek ez du esan nahi prozesua bukatuta dagoenik. Izan ere, atentatuaren aurretik eta ondoren, Euskal Herriko eta Espainiako iritzi publikoa bukaera baketsu eta negoziatuaren alde agertu dira".
Jaurlaritzako lehendakariak eskertu egin du aholkulari horien lana, eta "alde denekin" hitz egiten segituko duela nabarmendu du, "hemengo alderdi denekin eta Espainiako Gobernuarekin, ETAk su-etena hautsi izan duen aurrekoetan gertatu zena ez gertatzeko; amildegira ez erortzeko, alegia".
Jaurlaritzako Kontseilu Politikoko beste bi kideak ere izan dira bileran -Joseba Azkarraga eta Javier Madrazo- eta adituokin biltzen segituko dute, modu iraunkorrean.
Hain zuzen, Albert Reynolds Irlandako lehen ministro ohiak, Roelf Meyerrek -Hegoafrikako Gobernuaren ordezkaria izan zen ANC Afrikako Kongresu Nazionalarekin izaniko bake elkarrizketetan-, Andrea Bartoli Gatazkak Konpontzeko Columbiako Unibertsitateko Zentroko zuzendariak, Joanna Weschlerrek -Rights Watcheko NBErako ordezkaria da 1994. urtetik- eta Harry Barnes diplomatikoak osatzen dute talde hori.
Konponbide prozesua
Nazioarteko adituek diote "bake prozesua sendotzeko beste aukera bat" dagoela
Ibarretxerekin bilera egin dute gaur, Gasteizen. "ETAren atentatua erronka izan zen, baina horrek ez du esan nahi prozesua bukatuta dagoenik", esan dute adituek. Besteak beste, Albert Reynoldsek eta Roelf Meyerrek osatzen duten aholkulari taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu