Mila eta bostehun bat lagunek segitu dute hileta katedralaren barruan, eta kanpoan, berriz, ehunka herritar bildu dira zenduei omen egiteko asmoz.
Antonio Maria Rouco Varela Madrilgo artzapezpiku eta kardenalak gidatu du elizkizuna, eta "nazionalismo asaldatuak, arrazakeria eta intolerantzia" bazterrean uzteko deia egin du,eta "indarkeria itsuari zein gorroto inhumanoari maitasunaren botere liluragarriarekin" erantzutekoa.
Nolanahi ere, hildakoen senideetako zenbaitek ezin izan dio eutsi egonezinari, eta Espainiako Gobernuaren zein AEBetakoaren kontrako kritikak egin dituzte. Esaterako, elizara sartzearekin batera bera dela gertatutakoaren erruduna esan dio hildako baten gurasoetako batek Jose Maria Aznar Espainiako presidenteari. Halaber, beste hildako baten amak Aznar, Blair eta Powell dauden ekitaldi berean egotea ezinezkoa zaiola agertu du Espainiako SER irrati katean egindako adierazpenetan.
Halaber, estatu hileta egiteko ospakizun katolikoa aukeratzeak eztabaida piztu du. Espainiako gizarteko zenbait sektorek zein biktimen senideetako batzuk agertu dute Espainia estatu akonfesionala izanik, erlijio jakin bati atxiki gabeko hileta egin beharko litzatekeela.
M-11, sarraskia Madrilen
Nazioarteko agintari asko batu dira Madrilen martxoaren 11ko biktimen estatu hiletan
Madrilgo Almudena katedrala jendez beteta zela egin dira gaur eguerdian Madrilgo sarraskian hildakoen estatu hileta. Espainiako Estatuko zein nazioarteko agintari ugarik parte hartu dute; hala nola, Juan Carlos I. Espainiako erregeak, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko behin-behineko presidentea, Jacques Chirac Frantziakoa, Gerhard Schröeder Alemaniako lehen ministroa, Tony Blair Erresuma Batukoa, Colin Powell AEBetako Estatu idazkaria zein Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria nahiz Miguel Sanz Nafarroako Erkidegokoa. Hildako zenbaiten senideek ezin izan dituzte isildu Espainiako Gobernuaren kontrako kritikak. Halaber, eztabaida sortu du estatu hileta egiteko ospakizun katolikoa aukeratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu