Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak gaur iragarri du diru arazoengatik eten egin duela Nazioarteko Bikaintasun Campus programa. Horrek Hego Euskal Herriko bi unibertsitateri eragingo die: EHUri eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoari.
Gobernuak duela bi urte jakinarazi zuen EHUk eta NUPek Nazioarteko Bikaintasun Campus izendapena jaso zutela. Horri esker, EHUk Tecnalia Korporazioarekin eta Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) batera aurkeztutako Euskanpus egitasmoak lau milioi euroko laguntza jaso zuen, eta NUPek Errioxako (Espainia), Zaragozako (Espainia) eta Lleidako (Herrialde Katalanak) unibertsitateekin batera aurkeztutako Campus Iberus proiektuak 5,3 milioikoa.
EHUk dio oraindik ez duela jakinarazpen ofizialik, eta berretsi du Euskanpus proiektu estrategikoa dela eta garatzen jarraitu nahi duela.
Montserrat Gomendio Hezkuntza Ministerioko kideak azaldu du campusetarako gobernuak erkidegoei ematen zizkien maileguetako baldintzak ezin beteta zebiltzala estatuko erkidego gehienak. Gainera, uste du 'bikaintasun' kontzeptuaren galera ere izan dela; "onenei eman behar zaie izendapena, ez denei, eta hori ondo zehaztu nahi dugu". Unibertsitateek inbertsioak "ladrilloetan" eta ez "giza kapitalean" egin izana txarretsi du Gomendiok.
Deustuko Unibertsitatearen (DU), Mondragon Unibertsitatearen (MU) eta Nafarroako Unibertsitatearen (NU) ekimenak ere finalera ailegatu ziren, baina ez zuten izendapenik jaso.