Nazioarteko bitartekariek ere konpromisoak betetzeko beharra aipatu dute

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko harremanei buruzko datu gehiago eskaini zituen atzo Gara egunkariak, hain zuzen ere, su-etenarekin lotuta Espainiako Gobernuko ordezkariek hartutako konpromisoei buruz.

Su-etena indarrean sartu zenetik, bi aldeen arteko bilera guztietan agertu da gaia. Gara egunkariak atzo eskainitako bertsioaren arabera, ETAk salatu egin du bilera horietan Espainiako Gobernuko ordezkariek su-etenaren aurretik hartutako konpromisoak ez zirela betetzen ari. Eta bilera horietan guztietan mahai gainean jartzen zuen gaia da, kazeta horren arabera.

Bitartekariek egiaztatu egin dute errealitate hori eta behin eta berriro aipatu diete Espainiako Gobernuko ordezkariei bi aldeen artean hartutako konpromisoak betetzeko beharra. Azken hauen aldetik, aipatutako informazioaren arabera, konpromisoak betetzeko borondatea adierazi dute bileretan, baina gero hitzak ez dira bat etorri ekintzekin.

Prozesua garatu ahal izateko berme gisa hartutako konpromisoen berri Gara egunkariak eman zuen iazko uztailean, ETAren finantza sarearekin lotura zutelakoan, Poliziak hainbat lagun atxilotu ondoren.



KONPROMISOEN UKAZIOA. Espainiako Gobernuak, berriz, jendaurrean ukatu egin du akordiorik egitea. Gara-ren arabera, konpromiso politiko nagusia gatazka gainditzeko euskal alderdien akordioa ahalbidetzea zen eta, ETAren ustez, Espainiako Gobernuak oztopoak eta mugak (Espainiako Konstituzioaren eta legalitatea tope bezala) jarri baino ez ditu egin. Izan ere, ETAk ohartarazi zion Espainiako Gobernuari ezin dela bake prozesu bat eraiki nahi izatea «gatazkak eragin dituen muga politikoetan oinarrituta».

Gainerako konpromisoei dagokionean --presentzia eta presio polizial gutxiago, atxiloketarik eza, eta ezker abertzalearen jarduerari buruzko de facto-ko errespetua--, ETAk txosten zehatzak aurkeztu ditu bileretan.

Jarrera horren eraginez, Espainiako Gobernuaren sinesgarritasuna kolokan egon da ETArentzat, Gara-ko iturrien arabera.

Espainiako Gobernuak izan duen jokabide horren atzean ETAren ustez, prozesua mamiz hustu eta negoziazio tekniko batera eramateko ahalegina izan da kezkagarria ETArentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.