"Espainiako estatuan torturatzen segitzen dute, tratu txarrak eta torturak eragozteko nazioarteko gomendioak eta Garzonen protokoloa egon arren", hala salatu du gaur goizean TAT Torturaren Aurkako Taldeak, Donostian eman duen prentsaurrekoan. 2008. urteko txostena aurkeztu dute TATeko kide Aiert Larrartek eta Ane Ituñok, eta iaz izandako tortura testigantzez gain, erabili diren tortura metodoen laburpena, Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuen lanaren azterketa, Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen Protokoloaren balorazioa eta nazioarteko erakundeen ikuspegiaren berri eman dute.
Nazio Batuen Erakundeko kontalari Martin Schaininek tortura eta tratu txarrak eragozteko gomendioak egin dizkio berriki Espainiako Gobernuari. Iaz Espainiara eta Euskal Herrira eginiko bisitetan hartutako informazioan oinarritu du bere txostena. Hain zuzen ere, Schaininek eta NBEko beste ordezkari batzuek eginiko gomendio eta salaketei entzungor egiten dietela nabarmendu dute TATekoek, eta gomendioak gomendio, "oraindik torturatzen" dutela salatu dute gaur.
Garzonek iaz atondutako protokoloari dagokionez, soilik batzuetan ezartzen dutela nabarmendu dute, eta horrek ez dituela torturak desagerrarazi azaldu dute TATeko ordezkariek. Hala, iaz 62 tortura salaketa jarri zirela zehaztu dute.
Tortura amaitzeko neurrien proposamena
"Tortura, gure oroimena heltzen den tokiraino, bederen, Euskal Herria eta bera osatzen dugun perotsonen kontra erabili den praktika krudel eta sistematikoa da eta izan da. Zerbait egiteko garaia dela uste dugu". Horiek hala, tortura bukatzeko neurri sorta bat proposatu du Torturaren Aurkako Taldeak.
"Torturak pertsonengan uzten dituen ondorioak konponezinak dira, eta tortura eta sufrimendua pairatu duten pertsonen kopurua ezagutzeak bidegabekeria hau amaitzeko tresneria martxan jartzera behartzen gaitu. Horregaitik, TATek, nazioarteko printzipio eta gomendioetan oinarritutako eskakizun hauek bete daitezen exijitzen du:
Aitorpena:
"Agintari politikoek torturaren esistentzia aitortu behar dute ofizialki eta publikoki. Batetik, torturatuak izan diren pertsona guztiei zor zaien aitorpen bezala, eta, bestetik, euskal herritarrek egia ezagutzeko duten eskubideagatik. Herri honek giza eskubideen urraketaren memoria historikoa berreskuratzeko eskubidea du".
Berriro ez dela gertatuko bermatzea
"Tortura kasu gehiago ez dela egongo bermatu behar da. Tortura ahalbidetu eta ezkutatzen duen makineria osoa ezabatu behar da, horretarako beharrezkoa ikusten dugu: Legeria Antiterrorista desagertzea, batez ere, Prozedura Kriminaleko Legearen 520 bis eta 527. artikuluak, bost egunetan zehar pertsonak inkomunikatzea baimentzen dutenak; 384 bis artikuluan jasotzen diren kasuetarako Auzitegi Nazionalaren eskumenak desagertzea; atxilotu guztiek konfiantzazko mediku baten bisita edukitzeko eskubidea; polizia etxeetan kamarak jartzea, atxilotutako pertsonek jasotzen duten tratuaren berri izateko, bakoitzaren intimitate esparruak mantenduta; atxilotu guztiek beraiek izendatutako abokatu bat izateko eskubidea bermatu eta errespetatzea".
Duintasuna lehengoratzea:
"Torturatutako pertsona guztien duintasuna lehengoratu behar da, eta polizia erakundeek egun duten inpunitatea amaitu. Horretarako beharrezkoa da: egun zabalik dauden tortura kasu guztiak eta iraganean bidegabeki itxi zirenak era eraginkorrean ikertzea eta hoien epaiketa burutzea; tortura delitua preskribaezina bihurtzea; torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako epaiketak eta beraien ondorioak baliogabetzea; torturatu guztiek beharrezkoa duten asistentzia mediku, juridiko eta psikologikoa jasotzen dutela bermatzea.
Bihar Torturaren Aurkako Eguna
Bihar, aurreko urteetakoari jarraiki, Euskal Herri osoan Torturaren Aurkako Eguna antolatu dute TATek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, 1981ean Espainiako hiriburuko polizia etxe batean Joxe Arregi Izagirre Zizurkilgo (Gipuzkoa) gaztea torturen ondorioz hil zela gogoratzeko.
Hala, hainbat protesta eta mobilizazio ekitaldi egingo dituzte egunean zehar, han-hemenka.
Tortura
"Nazioarteko gomendioak eta Garzonen Protokoloa egon arren, oraindik torturatzen dute", esan du TATek
Torturaren Aurkako Taldeak iazko txostena aurkeztu du gaur Donostian, eta iaz 62 tortura salaketa jarri zirela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu