Bi egunez aztertu dute Genevan (Suitza) Espainiaren jokabidea, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean. 2009an egin zioten azken azterketa, eta batzordeko kideek nabarmendu dute Espainia ez dela betetzen ari nazioarteko erakundeek eskatutako neurriak. Duncan Muhumuza Laki batzordeko kideak, esaterako, adierazi du lege nahikoa badituela Espainiak, baina, hala ere, giza eskubide urraketen salaketa asko jaso dituela: "Legediaren aplikazioa selektiboagatik da? Borondate politiko faltagatik?".
Espainiako Estatuaren ordezkariek ez ezik, hainbat eragilek hartu dute parte azterketan; besteak beste, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak. Batzordeko kideekin biltzeko aukera ere izan dute, eta hainbat gairi buruzko informazioa eman diete: inkomunikazioa, tortura, desagertze behartuak, euskal presoen sakabanaketa, gaitz larriak dituzten presoen egoera... Hilaren 23an jakinaraziko ditu ondorioak NBEko batzordeak.
Ebazpenei erantzunik ez
Espainia ez da betetzen ari nazioartearen gomendioak. Halaxe esan zion atzo NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kide batek Espainiako Estatuaren ordezkariari, eta leporatu zion nazioarteko erakundeek kaleratutako ebazpenei ez erantzutea —besteak beste, Maria Atxabalen kasuaren harira: 2013an, sinesgarritasuna eman zion NBEk haren tortura salaketari, eta, kalte-ordaina emateko agintzeaz gain, inkomunikazioa «ezabatzeko neurriak» eskatu zituen—. Eta, jarrera horrekin, aditzera eman zuen Espainia ez dagoela prest NBEren Giza Eskubideen Batzordearen aholkuak jarraitzeko. Espainiako Estatuaren abokatu Jose Luis Viadaren erantzuna argigarria izan zen: esan zuen legean jasoak dituztela nazioarteko hitzarmenak, eta aintzat hartzen dituztela. Ez, ordea, horietatik eratorritako erakundeak —NBEren Giza Eskubideen Batzordea bera, adibidez—, ezta erakunde horiek emandako gomendioak ere.
Batzordeko kideek auzitan jarri zuten auzi medikuen txostenen kalitatea, eta horren ondorioez ohartarazi: horrela ez da posible torturak egon zirela frogatzea, eta estali ere egin litezke. Salaketa zehatzak ere aipatu zituzten hori esateko: Inazio Otañorena —2012ko otsailean atxilotu zuen Guardia Zibilak— eta Tomas Medinarena —iazko ekainean atxilotu zuen Guardia Zibilak—. Inkomunikazio erregimenaren inguruan egiten ari den aldaketak aipatuz erantzun zuen Espainiak, Auzibide Kriminalerako Legean egiten ari diren aldaketak aipatuta. Hala ere, konfiantzazko abokatua aukeratzeko eskubidea kentzeko aukera kritikatu du gaur Olivier de Froubille batzordeko kideak: "Hori ez da aldatuko erreformekin?".
Beste hainbat ebazpen ere ekarri dizkiote gogora Espainiari; besteak beste, desagertze behartuen batzordeak emandakoak. Egiaren batzorde bat sortzeko eskatu zuen batzorde horrek, eta ohartarazi zuen 1977ko Amnistia Legea ez zela aitzakia frankismoko krimenak ikertzeko.