Bateragune auziko auzipetuek nazioarteko hainbat alderditako ordezkariren babesa jaso dute azken egunotan. Jens Holm Suediako Parlamentuko legebiltzarkideak adierazi du Arnaldo Otegi bake prozesuarekin engaiatuta dagoela, eta espetxean izatea bake bidean oztopoa dela. Hala, Otegiren eta beste auzipetuen askatasuna eskatzeaz gain, Sorturen legeztatzea galdegin du, gatazka konponbidean jartzeko. Eva-Brit Svensson Suediako eurodiputatua ere antzera mintzatu da, eta bake prozesuaren aldeko urratsak eskatu ditu.
Ingrid Baltzersen Norvegiako diputatu eta Gernika sareko kideak salatu du Bateragune auziko epaiketa «politikoa» dela, eta auzipetu guztien askatasuna eskatu du. Elisabeth Naucler Finlandiako diputatuak ere Euskal Herriko gatazka konpontzeko «giroa» sortzen laguntzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hala, Bilduri hauteskundeetara aurkezten uztea Espainiaren «demokratizazioan» urratsa izan dela esan du.
Europako Aliantza Libreko presidente Eric Defoortek, berriz, adierazi du epaiketa «demokraziaren aurkakoa» dela eta horrek erakusten duela oraindik «aintzinako erregimeneko praktikak» existitzen direla. Espainiako Gobernuari bakearekin eta elkarrizketarekin engaiatzeko eskatu dio Defoortek.
Alemaniako Parlamentukoeta Die Linke Fraktioneko kide Ulla Jelpkek ongietorria eman dio ezker abertzalearen norabide politiko berriari, eta ziur agertu da apustu horrek indargabetu egingo duela Espainiako Estatuaren «errepresioa». Jelpkek EAJri dei egin dio zirt edo zart egin dezala, eta aukera dezala Espainiako alderdi nazionalistekin bat egin nahi duen ala «garai politiko berriaren» alde dauden ezkerreko alderdiekin elkarlanean aritu nahi duen. Halaber, autodeterminazio eskubidea babestu du, gatazka konpontzeko modu bakarra dela esanez.
BNG eta Esquerra
Galiziatik ere elkartasun mezuak iritsi zaizkie auzipetuei. BNG alderdiak adierazi du gatazka bide baketsu eta demokratikoetatik konpondu behar dela eta euskal herritarrei erabakitzeko eskubidea aitortu behar zaiela. Ezker abertzaleak egindako apustua txalotu du, eta bake bideari oztopoak jartzearen aurka azaldu da.
Katalunian, berriz, JEN-PSM eta PSM-EM ezker nazionalistako elkarteek epaiketa politikoak amaitzeko eskatu dute, eta bakea eta normalizazio politikoa aldarrikatu dituzte. Auzipetuei elkartasuna adierazi diete, eta Espainiako Estatuari adierazpen askatasunaren aurkako erasoak eteteko eskatu diote.
Balear Uharteetako Esquerra Republicanak ere salatu du aro politiko berriari bidea eman dioten pertsonak epaitzen ari direla Madrilen, eta auzipetu guztienabsoluzioa eskatu du.
Nazioarteko hainbat politikarik elkartasuna agertu diete auzipetuei
'Bateragune auziko' epaiketaren izaera politikoa salatzeaz gain, bake prozesuari babesa adierazi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu