Martxoaren 14ean eta 15ean, Iruñean eta Bilbon bake prozesuari bultzada emateko helburua duen foro soziala antolatuko da. Lokarrik eta Bake Bidea dira ekimenaren sustatzaileak, eta gaur eguerdian eskaintako prentsaurrekoan azaldu dutenez, adituetako batzuek zuzeneko esperientzia izan dute bake prozesuetan, hala nola Irlandan, Hego Afrikan, Aljerian, Bosnian, Kolonbian, Burundin edo Sri Lankan.
Peio Dufau Bake Bidea elkarteko eledunaren arabera, nazioarteko babesak "adorea" emango die, baina beharrezkotzat jo du gizarteak ere parte hartzea: “Aukera aparta suposatzen du. Oso zaila da adituen halako talde bat biltzea, bere ezagutzak eta ideiak konpartitzeko prest daudenak”. Dufauk azpimarratu du gizarteak asko duela esateko eta egiteko “bake justu eta iraunkorra bideraezina izan dadin”. Horregatik, dei egin dute Bakea Bideak eta Lokarrik “bakea eraikitzeko erronka handi honetan” parte hartzera eta foro sozialean norberaren ekarpenak helaraztea
Parte hartuko dutenen artean daude Veronique Dudouet Berlineko Berghof Fundazioaren Programen zuzendaria, Aaro Suonio Krisi eta Nazioarteko Segurtasunaren Kudeaketan Aholkulari Berezia, Robert McBride bake prozesuetan aditua, Christine Bell Edinburgoko Unibertsitatean Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea, Mark Freeman Trantsizio Integratuentzako Institutuko zuzendari exekutiboa, Priscilla Hayner Geneva Call Erakunde Humanitarioko zuzendari batzordeko presidenteordea, Silvia Casale Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea, Kieran McEvoy Ipar Irlandan Belfasteko Queen Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Zuzenbide eta Trantsizioko Justiziako irakaslea, Martin Snoddon Ipar Irlandako Northernspring erakundeko zuzendaria, Andy Carl Conciliation Resources erakundeko sortzaileetako bat, Brandon Hamber Nazioarteko Gatazken eta Justizia Trantsizionalaren Ikerkuntza Institutuko zuzendaria eta Colm Campbell Ulster-ko Unibertsitateko Justizia Trantsizionalaren Institutuko zuzendari sortzaileetako bat.
Iruñean Baluarteko Ciudadela Aretoan egingo da foroa, martxoaren 14an, 17:00etatik 20:00etara. Iruñean, ETAren desarmatzea bideratzeko agendaz eta giza eskubideen bermeaz hitz egingo dute adituek. Bilbon, martxoaren 15ean egingo da foroa, 17:00etatik 20:00etara. Preso eta iheslarien itzultzeaz eta iraganari nola aurre egin hitz egingo dute.
Paul Rios Lokarriko eledunak jakinarazi duenez, foroan nazioarteko adituen eta foroan parte hartuko duten herritarren ekarpenak biltzeko asmoa dute. Bertan biltzen diren ideiak landu eta apirilaren erdialdera gomendio batzuk emateko asmoa dute.