politika

"Nazioarteko Harreman Taldea ez da ezer egiaztatzeko sortu, laguntzeko baizik"

Pierre Hazan, Raymond Kendall eta Nuala O'Loanek prentsaurreko bat eman berri dute Bilbon. Brian Currinek zehaztu du taldea ez dela ariko bitartekaritza lanetan. Sortu legeztatzeko eskatu dute eta espetxe politika aldatzeko.

2011ko otsailaren 15a
17:01
Entzun
Pierre Hazan, Raymond Kendall eta Nuala O'Loan Nazioarteko Harreman Taldeko kideek gaur adierazi dute "Euskal Herriko bakegintzarako eta normalizazio politikorako" euren zeregina "laguntzea" izango dela, ez dutela beste funtziorik izango. "Taldea ez da ezeren egiaztatzea ziurtatzeko sortu, laguntzeko baizik", esan du O’Loanek taldearen izenean Bilbon, hotel batean goizean emandako prentsaurrekoan. Brian Currin abokatu eta Bruselako Adierazpenaren sustatzailea izan dute lagun.

"Ez gaude hemen zer egin behar den esateko, baizik eta hemengo jendearen arteko elkarrizketa aberasteko", esan du O'Loanek. "Egoera politikoa berria" dela diote, eta "konfiantza sustatzeko" hainbat neurri hartu beharko liratekeela. Sortu ezker abertzalearen alderdi politikoa legeztatzeko eta espetxe politika aldatzeko eskatu dute. Halaber, "baldintzarik gabeko elkarrizketa eta negoziazioa" behar direla uste dute. "Indarkeriarik gabeko egoera ezinbestekoa da".

Currinek zehaztu du taldeak ez duela jardungo bitartekaritza lanetan. "Bidea erraztea izango da haren helburua, laguntza ematea". Munduko beste bake prozesu batzuetan aritutakoak direla gogoratu du, eta Euskal Herrian ere euren alea jar dezaketela. ETArekin "oraindik" ez direla bildu esan du.

Alberto Spektorowski Tel Aviveko Unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslea eta Silvia Casale kriminologoa dira Nazioarteko Harreman Taldeko beste kideak, Hazan giza eskubideen arloko adituarekin, Kendall Interpoleko idazkari nagusi ohiarekin eta O'Loan Irlanda iparraldeko polizia gaietarako ararteko ohiarekin batera, baina "agenda arazoengatik" ezin izan dira Euskal Herrira etorri. Besteak atzotik daude hemen, eta gaur dira joatekoak.

Atzo egin zuten lehen lan bilera, Bilbon bertan, eta bakoitzak bere esperientziaren berri eman zuen. Euskal Herrian zer-nolako laguntza mota eman aztertzen hasiak dira, gaur esan dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.