KONPONBIDEARI BEGIRA

Nazioarteko Harremanetarako Taldea Parisko bake konferentzian izango da

Bake Bideak eta Giza Eskubideen Ligak Baionan aurkeztu dute Parisen ekainaren 11n egitekoak diren bake konferentzia. Bertan, Frantziako Gobernuari interpelazio zuzena egitea espero dute, bake prozesuan pausoak emateko.

Baionan aurkeztu dute ekainaren 11ko konferentzia. NORA ARBELBIDE
2015eko maiatzaren 21a
17:29
Entzun

Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioa 09:00etatik 13:00era bitartean egingo dute ekainaren 11n, Frantziako Asanbleako Victor Hugo aretoan. Bake Bideko eta Giza Eskubideen Ligako kideez gain, aurkezpenean izan dira, besteak beste, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux parlamentariak eta ekimena babestu duen parlamentari batzordeko kideak. Baita Baionako deklarazioa izenpetu zuten eragileak ere.

Bertan jakinarazi dutenez, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak eta Nazioarteko Harremanetarako Talde osoak hitza hartuko dute konferentzian. Konferentziaren bidez bake prozesuan "pausoak ematen ahal dituzten pertsonak sentsibilizatzeko" borondatea azaldu du Capdeviellek. Zehatzagoa izan da Alaux; espero du konferentziak Frantziako Gobernuari egitea interpelazioa.

Louis Joinet jurista eta NBEko Giza Eskubideen Batzordeko aditu independente ohia, Marc Gentillini Frantziako Gurutze Gorriko presidente ohia eta Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakaria izango dira konferentziaren buru. Hainbat parlamentarik babestu dute ekimena; Alaux eta Capdeviellez gain, Francois de Rugy, Cecile Duflot, Jean-Luc Bleunven, Frederique Espagnac, Paul Giacobbi, Jean- Christphe Lagarde, Jean Lassalle, Jean Jacques Lasserre, Noel Mamere eta Paul Molacek.

Parisen erantzunik eza

Agerraldian, Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak oroitarazi du Baionako adierazpenaz geroztik ez dutela Frantziako Gobernuaren partetik erantzunik izan, eta azaldu du horregatik eginen dutela Parisen hurrengo bake konferentzia.

Pierre Joxez gain, Raymond Kendall, Gerard Kelly, Brandon Hamber edo Pierre Hazanek parte hartuko dute, besteak beste.

Konferentzia bake prozesuaren azken lau urteetako egoera aurkezteko eta gatazkaren ondorioez aritzeko unea izanen da, zehazkiago biktimen eta presoen ingurukoa. Hartara, gatazken konponbidean adituak diren pertsonak eta gatazkek zuzenki hunkitzen duten jendea ere present izanen dira haien esperientzia ezagutzera emateko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.