Sortu-ren legalizazioaren alde

Nazioarteko jende ezagun gehiago batu zaio Sortu legeztatzeko eskatzen duen manifestuari

'Parte hartze politikorako eskubidearen alde' manifestuan Espainiako alderdien legea arbuiatzen dute sinatzaileek. Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren alde egitea "bidezkoa eta beharrezkoa" dela ere badio manifestuak. Beste batzuen artean, Noam Chomskyk, Cuauhtemoc Cardenasek, James Petrasek, Michel Collonek, Heinz Dieterichek, Raul Zelikek eta Xose Manuel Beirasek adierazi dute atxikimendua.

2011ko martxoaren 31
19:24
Entzun

'Parte hartze politikorako eskubidearen alde' manifestua, hain zuzen, Sortu alderdia legeztatzeko exijitzen duena gero eta sinadura gehiago biltzen ari da nazioarteko jende ezagunen artean.

Martxoaren 14an ezagutarazi ziren manifestuarekin bat egin duten lehenbizikoen izenak. Orduan, besteak beste, Raul Zelik, Michel Collon eta Belen Gopegui idazleak, Javier Sabada eta Xose Manuel Beiras katedradunak, Guillermo Toledo aktorea, Carlos Taibo eta James Petras unibertsitateko irakasleak eta Heinz Dieterich analista politikoa ageri ziren; orain, besteak beste, Noam Chomsky katedraduna eta Cuauhtemoc Cardenas Mexikoko lehendakarigai ohia batu zaizkie. Berrehun sinadura baino gehiago bildu dituzte dagoeneko, Europan eta Amerika osoan.

Ezker abertzalearen legeztatzea eta «diskriminazio politikoaren amaiera» eskatu dute manifestuaren bitartez, parte hartze politikoaren eskubidearen alde dauden nazioarteko hainbat pertsona ezaguneko talde horrek. Alderdien legea arbuiatu dute, ezker abertzalea «politikatik kanporatzeko tresna» delako. Halaber, Euskal Herriaren independentziaren eta sozialismoaren alde egitea «bidezkoa eta beharrezkoa» dela dio manifestuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.