Nazioartera, 'Gernikatu' gehiago egon ez dadin

Gotzon Barandiaranek eta Edorta Jimenezek idatzitako manifestua nazioartera zabalduko du PEN klubak

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Duela 75 urte Gernika bonbardatu zutela eta, manifestu bat idatzi dute Gotzon Barandiaran eta Edorta Jimenez idazleek, munduan Gernikatutako herri gehiago ere izan direla salatu eta halako gehiago gerta ez dadila eskatzeko; testu hori hainbat hizkuntzatara itzuli ostean, nazioartean zabaltzen saiatuko da PEN kluba. Hala azaldu zuen atzo Laura Mintegi lehendakariak, Gernikako ekitaldian. «Gernika izanak ziren, Gernika baino lehenago, beste hamaika», dio manifestuak. Aurrerago, hala gaineratzen du: «Geroago ere beste hamaika Gernika izanen ziren». Gernikatua terminoa darabilte manifestu horretan, eta zer esan nahi duen ere azaldu dute: «Zer da Gernikatua ez bada erraustua, sarraskitua, ukatua, isilarazia, gutxiagotua, zapaldua».

Halako gehiago gertatzerik ez dute nahi, manifestuan jasotzen denez, eta ekimena hartzera deitu dute: «Erauz ditzagun gerraren legeak eta bideak, errotik, ez dugu-eta beste Gernikarik nahi! Ez gurean ez beste inon».

Horretarako, baina, ezinbestekotzat jotzen dute «historia osoa eta osorik jakitea». Orain, ordukoen omenez, bonbardatutakoek zituzten ideien zilegitasuna aldarrikatu dute — «euskaldun nahiz erdaldun errepublikanoak, sozialistak, komunistak, kristauak, anarkistak eta beste—. «Izateko eskubidea ukaezina da. Gu euskaldunak gara». Argi daukate: «Euskal Herrian euskaldunak garela aldarrikatu behar izatea da askatasunaren eta begirune ezaren froga ukaezin». Bakea konpromisotzat hartuta, autodeterminazioa proposatzen du manifestuak: «Begirada atzera bihurtu eta bidean aurrera eginez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.