KARMELO LANDA

«Nazioen artean antagonismo maila bat dago, baina ezkutatzen dute»

Europako Parlamentua eta kartzela ezagutu ditu Landak bere ibilbide politikoan. Akademikoan, Gabriel Aresti eta Gernikako bonbardaketa izan ditu ardatz. Bi gaiok ari da lantzen egun. 

amaia igartua aristondo
2021eko irailaren 24a
14:49
Entzun

Bide politiko eta akademiko oparoa du Karmelo Landak (Ea, Bizkaia, 1952). Unibertsitate irakasle izandakoa da 37 urtez, eta, tartean, politikari ere aritu da Eusko Legebiltzarrean eta Europako Parlamentuan, Herri Batasuna (HB) alderdiarekin. Egun, irakaskuntzatik erretiratuta dago, baina ez ikerketatik: Gabriel Arestiz eta Bilboz liburu bat prestatzen ari da, eta ‘Guernica’ Gernikara kanpainan ere badago, Pablo Picassoren koadroa Bizkaiko udalerrira eramateko. “Madrilgo Reina Sofian testuingurutik ateratzen dute, bakearen aldekoa eta gerra guztien kontrakoa dela esatean. Koadroaren motibazio zuzena bonbardaketak izan ziren”.

UNIBERTSITATEA: HASIERAKO EKINTZAK

Landari unibertsitate garaia emankorra izan zitzaion politikoki, hasieratik bertatik: 1969an sartu zen Deustuko Unibertsitatera Historia ikastera, eta lehen ikasturtean jazo zen bere “bataio politiko eta ideologikoa”: 1970eko Burgosko prozesua. Ikasle mugimenduaren parte izan zen urte horietan, eta frankismoaren aurka aritu zen, baita askatasunaren eta euskararen alde ere.

Ikasketen publikotasuna izan zuen jomuga, halaber. “Ikasle mugimendua antolatu nahi genuen erreibindikazio ardatz batzuen inguruan: batez ere, letretako fakultateak egin zitezela unibertsitate publikoan”. Dioenez, artean “jesuitek monopolizatu” egiten zituzten adar horietako karrerak, eta, ondorioz, “garestiak ziren, eta ideologikoki oso markatuak zeuden”. Protestengatik jesuitek “mendeku” hartu zuten, ordea. 1973an, “Pilar Kareaga Bilboko alkate frankistarekin elkartu, eta sarekada bat egin zuten”. 22 espedientatu zituzten “betiko”. Unibertsitate pribatua zenez, ez zegoen baliozkotzeko aukerarik, eta, hortaz, “heriotza akademikoko zigorra izan zen”.

Erabaki haren kontra mobilizazioak antolatu zituzten, eta zoria ere euren alde izan zuten. Izan ere, espedienteak Eguberriko oporretan bidali zizkieten, “ikasleak desmobilizatu eta kontua hurrengo urterako ahaztu” zedin. Alabaina, agiriak heldu zitzaizkien egun berean hil zuen Carrero Blanco ETAk. “Horrek ekarri zuen frankismoaren gainbehera nabarmena; jarrera errepresiboak ahuldu egin ziren. Egoera aldatu zen: ikasle mugimendua berpiztu egin zen”. Espedientatuak izandakoei ez zieten unibertsitatera sartzen uzten, baina erabakia ñabartu zuten mobilizazio eta grebengatik. “Jesuitek ez zuten beste erremediorik izan gu onartzea baino; ez klaseetan, baina bai azterketa finalak egiteko”.

INDEPENDENTZIA, ETA HORI NOLA IKERTU

Garai horietan Ikasleen Komiteak deituriko sindikatu batean eta EMK Euskadiko Mugimendu Komunistan militatu zuen Landak. Euskal Herriaren independentzia ez zen ildoetako bat, baina irizpidea laster aldatu zuen: frankismoa bukatu ondoren disolbatu zen EMK, hortik ezker abertzalearen inguru ideologikoetara egin zuen jauzi, eta HBra batu zen azkenik. “Nire lan ardatz nagusi bat da independentziaren aldekotasuna. Nire kontzientzia eta formakuntza ideologiko eta akademikoaren ondorioa izan da”.

Era berean, hura defendatzearen ondorioak “oso gogorrak” izan direla dio, eta, atxiloketez eta kartzelaldiez gain, kasu zehatz bat aipatu du: Joseba Asensiorena. “Nire ikasle izandakoa zen, eta gure anaia Erramunen lagun handia, ia familiakoa. Harrigarria izan zen ikustea nola utzi zuten hiltzen Herrera de la Manchako kartzelan [Espainia]. Orduan inork ez zeukan tuberkulosirik, eta inor ez zen hiltzen horretaz”.

Azken hamarkadan, politikak “bide gradualista” hartu duela dio, eta horrek ez daramala independentziara. Era berean, iruditzen zaio politika “modu zientifikoagoan aztertu” beharko litzatekeela, eta, alde horretatik, politologoak eta soziologoak ditu jopuntuan. “Busti egin behar dira Euskal Herriko egoerarekin. Jada ez du balio politologia maila teorikoan aztertzea; dauzkagun premia urgenteei erantzun zehatzak eman behar dizkiete”.

EUSKARA ETA POLISISTEMEN TEORIA

Erantzunok taxutzeko, metodologia baliagarria begitantzen zaio Polisistemen Teoria, nahiz eta kulturaren arloan erabiltzen den normalean. “Hemen ezkutatu egiten da gehienetan errealitate bat ukaezina dena ikuspegi zientifiko batetik: nazioen artean antagonismo maila bat dagoela”. Gatazka hori sistemen aniztasunak eragingo luke, Landaren arabera, “nazio bakoitzak bere sistema propio bat behar” baitu, “hizkuntzaren bidez ardaztua”. Hori horrela, “nazioen oinarrizko elementua hizkuntza” dela dio, eta, hortaz, euskara izan beharko litzateke balizko Euskal Herri independentearen zorua.

“Zergatik tematzen dira espainola denok ikas dezagun? Euskaldun, katalan, galego edo valentziar bati behartuko diote hura jakitera, eta eurek nahi dutenean erabiltzera”. Dioenez, nazio izaera osatzeko sistema propio bat izatea beharrezkoa da, eta, izan ezean, “besteen sisteman txertatu eta subsumitu egiten dute”.

Irizpide horiei jarraituz aztertzen du Landak egoera politikoa. “Onartzen baduzu Espainiako polisistemak daukan logika, eta txertatzen bazara bertan, nahiz eta egundoko borondate ona izan, estatu sistemak gehiago irabazten du zuk irabaz dezakezuna baino; bere sistema osotasunean mantentzen du, arrakalak izan arren”. Monarkia da horren adibideetako bat, haren ustez. “Ustelduta dago, eta ez da ezer gertatzen. Euskal nazioa azpimultzo bat bihurtzen da Espainiako eta Frantziako sistemetan; beraz, ez ditu arriskuan jartzen, eta okerrena: ez du lortzen bere nazioarentzat ezinbestekoa duen egitura. Eta horrek eskatzen du independentzia, zure sistema propioa antolatzeko zure ardatzekin”.

Independentzia heltzen ez den bitartean, euskal nazioa “deuseztatzen eta hiltzen” ari dela dio Landak. Eta egoerak hizkuntzari ere erasaten dio, era berean: haren hitzei erreparatuta, euskaraz bizi ahal izateko bermea baita independentzia. “Euskal Herrian ez dago euskaldunik egun oso batez bere hizkuntza erabil dezakeenik, behartu egiten zaituztelako. Euskarak ahalegintzen badu lehen mailako bihurtzea, begira zer gertatu den Udal Legearekin”.

Unibertsitatearekin kritiko agertu da horretan ere, eta badu autokritikarako tartea, orobat. “Joxe Azurmendi, [Jose Luis Alvarez Enparantza] Txillardegi, Gabriel Aresti, Koldo Mitxelena, Federiko Krutwig… Nazioaren planoak oso ondo egin dituzte arkitekto horiek, baina gero etorri garen perituok, ez dugu asmatu plan hori garatzen, eta unibertsitatea orain ez dabil horretan. Okerrera goaz”.

ATXILOKETAK ETA KARTZELALDIAK

Euskal nazioa Espainiako sisteman txertatuta egotearen ondorioz, “epaile batek lehendakariak baino gehiago agintzen du”, Landaren hitzetan. “Zergatik? Atzean daukalako Espainiako sistemaren ardatz den justizia sistema: Auzitegi Gorena eta Auzitegi Konstituzionala, azken erabakia hartzen dutenak”. Hain justu, elementu horiekin egin du topo Landak berak ere: hainbatetan atxilotu izan dute, eta hiru aldiz egon da espetxean: orotara, lau urte inguru egin ditu kartzelan.

“Estatuak erabaki bat hartu zuen euskal abertzaleei bide politikorik ez uzteko. Uste zuten EAJ integratua zutela euren sisteman, baina ezker abertzalea, ez”. Dioenez, “arriskua” ziren Espainiako sistemarentzat, hauteskundeetara aurkeztu eta “sekulako” emaitzak lortzen baitzituzten. Joera eteten ahalegindu zen estatua. “Bide demokratiko eta baketsutik gora egiten duten planteamendu horiek ezin dituzte kontrolatu momentu batetik aurrera; beraz, erabaki zuten gu zirkulazio politikotik ateratzea, bide judizialaren bidez”.

Lehenengo kartzela zigorra Herri Batasunako europarlamentari zenean ezarri zioten —1990tik 1994ra jardun zuen karguan—. “Esaten zuten ETAren aginduetara nengoela. Ni diputatua nintzen jendeak hautatu ninduelako, ni ez nengoen inoren aginduetara”. Bigarrenean, hauteskunde kanpaina bateko bideo batean oinarritu ziren. “Bertan ETAk esaten zuen prest zegoela armak uzteko eta negoziazio politikoa egiteko: gero hala egin zuen. Irlandatik atera genuen ideia, eta han ondo joan zen”.

Herri Batasunako Mahai Nazionaleko 23 kide epaitu zituzten, eta zazpi urte eta erdiko espetxealdiarekin zigortu, 1997an. Konstituzionalean errekurritu zuten ebazpena. “Gure kontra egiten bazuen, Estrasburgora joko genuen [Frantzia], eta ez zuten nahi, eskandalu politiko bat izango zelako. Azken momentuan, gure alde egin zuen partzialki, eta bi urte egin genituen, zazpi eta erdi beharrean. 1999an irten ginen”.

Baina auzitegiek oldarkor jarraitu zuten. 2002an, Baltasar Garzon epaileak operazio bat abiatu zuen “Herri Batasuna eta ezker abertzalea legez kanpo uzteko”, argudiatuta “ETAren kolaboratzaileak” zirela. “2008an, Garzonek erabaki zuenean, prebentiboki sartu gintuzten kartzelan, bi urtez”. Egunero-egunero idazten zituen gertatutakoak, xehe-xehe, eta oharrok kartzelatik kanpora irten zitezen lortu zuen. Horiekin, besteak beste, salaketa bat ondu zuen, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Atxiloketa Arbitrarioen Batzordean aurkeztu zuena, eta 2009an Landaren alde ebatzi zuen. “Garzonek ohar bat atera zuen NBEren kontra, erratu egin zirela esanez”. Kartzelan jarraitu zuen, ordea.

Karmelo Landa beste salaketa bat prestatzen ari da egun, orokorra, NBEren Giza Eskubideen Batzordean aurkeztuko dena oraingo honetan. “25 urte izorratu dizkidate, neurri handi batean. Sartu naute kartzelan modu arbitrarioan hiru aldiz. Beti behin-behineko kartzelaldiak, sententzia firmerik gabe, eta errekurtsoak irabazita Konstituzionalean eta NBEn”. Dioenez, proiektu akademikoak atzeratu egin behar izan ditu urte horietan, eta familia “pikutara” joan zaio. “NBEn egindako lehen salaketa irabazi nuen, eta horrek indartu egiten du bigarrena”.

ILDO AKADEMIKOA: ARESTI ETA GERNIKA

Unibertsitateko ikertzailea izan da Landa, batik bat, politikari profesionala bainoago. Hala aldarrikatzen du hark. 1980. urtean sartu zen irakasle EHUn, Gernikako Seber Altube ikastolan lan egin ondoren, eta 2017an hartu zuen erretiroa; 37 urteko karrera akademikoa, bi ikerketa ildo nagusik ardaztu dutena, besteak beste: Gabriel Arestik eta Gernikako bonbardaketak.

Poeta “berritzailea” izateaz gain, “euskal kultura eta literatura sistema oso bat sortu nahi izan zuen” Arestik. “Mitxelenak esan zuen batuaren motor nagusia izan zela, eta ni haren lana ikertzen hasi nintzen”. Bere bizitzako azken garaia Ean igaro zuen idazleak, medikuak Bilbotik irteteko gomendatu baitzion, eta Arestik herrian utzitako idazki eta hitzaldien grabazio argitaragabeekin lan egiteko aukera izan zuen Landak. “Susa argitaletxearekin batera taldetxo bat osatu genuen, edizio zaindu bat egiteko Eako lan guztiekin. Zorte ona izan genuen: [Joan Mari] Torrealdaik lagundu zigun lortzen Madrilgo artxibo zentsuratuetan zegoen zentsuratu aurreko Euskal Harria“. Josu Landa, Leo Bilbao, Joserra Bilbao eta laurak aritu ziren lan horretan, Gorka Arreseren laguntzarekin, eta 1986an argitaratu zuten lanen bilduma.

Gernikarekiko interesa aurki piztu zitzaion, halaber. 1975ean Gernikako ikastolan ari zen lanean: Franco diktadorea hil zenean, bonbardaketako lekukoek hitz egiten hasi nahi izan zuten, frankismoak debekatua baitzien. Ikastolako batzuekin batera, Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzailea sortu zuen, egun Gernikako Batzordea dena. Lekukoek hitz egin zezaten lortu, Picassoren Gernika-k Gernikan egon behar zuela erabaki, eta historialarien mahai bat antolatu zuten. “Euskaldunok ez dugu gure historia ezagutzen”. Pierre Vilar, Herbert R. Southworth, Manuel Tuñon de Lara eta Xabier Irujok hartu zuten parte mahaian.

“Gernikako bonbardaketak sinbologia handiagoa du Espainiko Estatuan aitortu nahi dutena eta euskaldunek uste duguna baino”. Izan ere, “fundazio ekintza” bat izan zen, “ez Francoren estatuarena, baizik eta gaur egungoarena”, zehaztu duenez. “Estatua berriro fundatu zuten, forma frankistan. Gernika enbrioi bat zen: hilabete batzuk lehenago lehen euskal gobernua osatu zen han, [Jose Antonio] Agirrerena, eta aurretik bazegoen Euskal Herriko burujabetzaren eta ordezkatze sistemaren tradizio bat”. Hau da, “diseinatutako” erasoa izan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.