Uztailaren 6an eta 7an aztertu zuten Espainiako Estatuaren jarrera Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean —2009an egin zuten azkena—. Gaur jakinarazi dituzte ondorioak. Besteak beste, torturaren eta tratu txarren inguruan duen jokaeragatik "kezka" agertu du NBEk. "Berriz ere gomendatzen diogu beharrezko lege neurriak har daitezela inkomunikazio baldintzetako atxiloaldia ezabatzeko". Zehazki, konfiantzazko abokatuarekin egoteko eskubidea bermatzeko eskatu du.
Beste hainbat betebehar ere ezarri dizkio NBEk Espainiari: salaketak ikertzeko erakunde independenteak sortzea, erreparazio egokia ematea biktimei, Istanbulgo Protokoloa jarraitzea, legez debekatzea torturagatik zigortutako pertsonei emandako indultuak, eta galdeketak filmatzea.
Nazioarteko erakundeen gomendioak, eta zehazki, Giza Eskubideen Ituna ez betetzea ere egotzi diote Espainiari. Horren adibide gisa jarri dute Maria Atxabalen kasua —2013an, sinesgarritasuna eman zion NBEk haren tortura salaketari, eta, kalte-ordaina emateko agindu zion Espainiari—: "Ez da aurrerapen esanguratsurik izan kasu horretan".
Amnistia Legea bertan behera uzteko ere gomendatu du NBEk berriz ere: "Aktiboki bultzatu behar ditu iraganeko giza eskubideen urraketa guztien ikerketak". Lege horrek zehazki tortura kasuak, desagerketa behartuak eta exekuzioak ikertzea oztopatzen duela esan du. Horien erantzuleak aurkitu eta zigortzea eskatu du, "delituaren tamainako zigor batekin", eta biktimen senideei erraparazioa emateko.
Memoria historikoari dagokienez ere kezka adierazi du NBEk desagertutakoen gorpuzkinen bilaketan eta horien deshobiratze eta identifikazioan dauden hutsune eta urritasunengatik. Kritikatu du lan horien desagertutakoen senideek egin behar izatea, eta horrek desberdintasunak sortzen dituela adierazi du. Artxiboetan jasota dagoena kontsultatzeko zailtasunak egotea ere kritikatu dute adituek, batik bat, esan duenez, militarrak.