Pozik agertu da gaur Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia atzo Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako egoerari buruz ateratako txostenarekin, "terrorismoaren aurkako borrokak den-dena ez duela justifikatzen baitio NBEk".
Hain zuzen, NBEk giza eskubideak bermatze aldera Espainiak egin dituen urratsak izendatu ditu eta zein egoerak kezkatzen duten azaldu. Argi esan dio Espainiari: torturari ez izateko neurri zehatzak hartzeko plangintza bat ezartzeko lana azkartu behar du, eta atxilotuen inkomunikazioa "behin betiko" ezabatzeko, beharrezko diren neurri guztiak hartu behar ditu; kasu, atxilotuei egindako galdeketak bideoz grabatzeko aukera, atxilotua bi medikuk artatzeko eta haiei abokatua aukeratzen uzteko
Espainiako Zigor Kodeak "terrorismoaren definizio zabalegia" duela ere ohartarazi du NBEk. Definizio hori eta talde armatuari laguntza ematearen delituak zehaztu ditzala gomendatu dio, eta "zalantzarik gabe izaera terrorista duten delituei" soilik eman diezaiela trataera hori.
Espainiako Auzitegi Nazionalak adierazpen eta elkartzeko askatasuna "justifikaziorik gabe murrizten" dituen susmoa ere badu batzordeak, eta halako neurriak beharrezko direla justifikatuta dagoenean soilik har daitezkeela ohartarazi dio Espainiari.
Julen Arzuaga Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kideak gaur esan duenez, NBEk txosten hori atera izanak ez du esan nahi Espainiako Estatuak jaramon egingo duenik, "ez baita lehen aldia antzekoak esan dizkiotena Espainiari, baina giza eskubideen alde agertzean bere zilegitasuna murriztu egingo da".
Behatokiak dio "giza eskubide politiko eta zibilen zapalketaren biktimentzat aitortza" dela Nazio Batuen Erakundearen txosten hori.
Politika
"NBEk dio terrorismoaren aurkako borrokak ez duela den-dena justifikatzen"
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia pozik da NBEk Espainiaz atera duen txostenarekin. Besteak beste, inkomunikazioa eta tortura ezaba ditzala eskatu dio Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu