Nazio Batuen Erakundeko NBE desagertze behartuen batzordeak bere ondorioak eman ditu argitara gaur eguerdian. Batzordeko ordezkariak "kezkatuta" azaldu dira, frankismoko biktimek duten babes ezagatik. Halaber, NBEk Espainiako Gobernuari eta epaileei eskatu diete 1936ko gerran eta frankismoan izandako desagertzeak ikertzeko. Ikerketak modu "zehatz eta inpartzialean" egiteko eskatu du batzordeak, oztopo juridikoak gaindituz. Horrenbestez, 1977ko Amnistiaren Legea ez dela aitzaki ebatzi du. "Krimen horien egileak epaituak izan behar dira, erruduntzat jo eta krimenen larritasunaren arabera zigortuak", gaineratu du NBEko batzordeak. Behar diren baliabideak jartzeko eskatu du, desagertuak bilatzeko.
Bestalde, Nazio Batuetako batzordeak Espainiari eskatu dio beste herrialdeeki kolaboratzeko "behar den guztian", egun egiten ari diren ikerketetan. Maria Servini de Cubriak bi poliziren estradizioa eskatu du, frankismoan egindako torturengatik. Espainiako Gobernuak ez du erantzunik eman.
NBEk, gainera, egiaren batzorde bat sortzeko eskatu diote Espainiari, aditu independenteekin, frankismoan gertatu ziren giza eskubideen aurkako bortxaketak ikertzeko.
Amnesty Internationalek "ongi etorria" eman die batzordearen gomendioei. "Batzordeak pauso garrantzitsua eman du, bere eskumena onartzen baitu iraganeko desagertze behartuei buruzko gomendioak egiteko", esan du Amnesty Internationaleko ikertzaile Ignacio Jovtisek.
Desagertu behartuen batzordeak, berriz, inkomunikazio atxiloaldiaz ohartarazi dio Espainiari, eta kentzeko proposatu dio. «Erregimen hori aztertzea gomendagarria litzateke, arazoak sortzen baititu», esan du batzordeko Alvaro Garcek.