NBEk giza eskubideei buruz duen kezka ez du lasaitu Espainiak

Berme juridikoen inguruan NBEko Giza Eskubideen Batzordeak zalantza handiak dituela ohartarazi dio Espainiari

AITZIBER LASKIBAR BERRIEMAILE BEREZIA GENEVA
2008ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Giza eskubideetan adituak diren nazioarteko ordezkarien zalantzak argitu gabe amaitu da Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako ordezkariekin estatuko egoera aztertzeko egindako saioa. Giza Eskubideen Batzordeko kideek kezkatuta jarraitzen dute. «Terrorismoari» aurka egitearen izenean, Espainia hainbat eskubide urratzen ari den susmoa du. Hala jakinarazi du Batzordeko presidente Rafael Rivas Posada kolonbiarrak batzordearen izenean.

«Zalantzek eta kezkek bizirik jarraitzen dute», adierazi du Espainiak auzi juridikoetan ematen dituen bermeei buruz. Horixe da, Espainiak giza eskubideekiko duen jarreren artean NBE gehien kezkatzen duen alorretako bat. «Inkomunikazioaren kezka errepikatu da hemen behin eta berriz», gogoratu du. Izan ere, bi egunetako saioan, hizpide nagusi izan da. Adituek, gai horri buruz eskatu dituzte azalpen gehien.

«Umilki onartu behar dugu ez dugula ondo azaltzen jakin», esan du Espainiako ordezkaritzaren izenean azalpenak ematen aritu den Fernando Irurzunek gaiari buruzko galdera etengabeen aurrean. Inkomunikazioaren helburua zein den kontatu du. Irurzunek azaldu duenez, atxilotuak polizien aurrean egindako deklarazioak epailearen aurrean ukatzen badira, deklarazio horiek ez dute balio juridikorik. Ezin dira frogatzat erabili. Hortaz, inkomunikazioaren helburua tratu txar edo torturen bidez informazioa edo inkulpazioak lortzea denik ukatu du. Hiru helburu ditu «salbuespeneko egoeretan» erabiltzen den neurriak, Espainiako ordezkariaren hitzetan: «Atxilotuak dei baten bidez bere taldekideei abisu eman diezaien saihestea», «frogak deuseztatu ditzala eragoztea» eta «atxilotuaren beraren segurtasuna eta integritatea zaintzea, kide den mafia edo talde terroristako kideek bere aurka egin ez dezaten».

Abokatuak

Inkomunikazio egoeran atxilotuta daudenei bere konfiantzako abokatuekin egoteko aukera zergatik ukatzen zaien ere azaldu du, nazioarteko batzordekideen artean ezin ulertu handia eragin baitu: «Ikusi da batzuetan atxilotuari berari kalte egiten diotela». Espainiako ordezkariaren esanetan, atxilotuek aukeratutako abokatuak «erakunde terroristaren laguntzaile» izan daitezke, eta hortaz, atxilotuaren aurkako neurriak hartu. «Ez da abokatu horiekiko mesfidantza dugunik, baina abokatu horietako batzuek erakunde terrorista horri laguntza ematen diote». Parisko auzitegiak euskal presoen bi abokatu zigortu izana du adibidetzat.

«Zure argudioek ez naute konbentzitu», erantzun dio Christine Chanet batzordeko kideak. Atxilotuta, inkomunikatu gabe egonik ere frogak suntsitzea «zaila» iruditzen zaiola esan du eta segurtasuna beste modu batean berma daitekeela. «Ez dira abokatuekin fidatzen, agian atxilotuekin gertutasun bat izan dezaketelako. Baina gustatuko litzaidake Espainiak frogatzea abokatu bakar bat laguntzaile izan dela».Nigel Rodleyk bat egin du Chaneten hausnarketarekin. «Zaila egiten zait pentsatzea talde terrorista batek bost egunetan ez jakitea bere kide bat atxilotu dutela, telefono deirik egin gabe ere», gaineratu du.

Urrutirago joan da Rodley: «Inkomunikazio egoeran atxilotzeak torturatzeko aukerak eskaintzen ditu». Berak eskuratutako informazioen arabera Ertzaintzak dagoeneko ez duela inkomunikatzen eta tortura salaketarik ez duela izaten gaineratu du, Espainiari eskaera bat egiteko: «Espero dut hemen izandako elkarrizketak inkomunikazioarekiko duzuen lotura horren inguruan hausnartu eta jarreraz aldatzera eramango zaituztela».

Irurzun, torturak eta inkomunikazioa bereizten saiatu da. Zerikusirik ez dutela azaltzen.

Elizabeth Palmek emandako datuak ez ditu begi onez hartu Irurzunek. Bere datuen arabera 2007an tortura eta tratu txarrak 689 pertsonek jo zituztela plazaratu du Palmek. 2001etik 2007ra bitartean 5.032 izan zirela.

Espainiako ordezkariak, ez duela datu horien berri erantzun du, eta zein iturri dituen galdegin dio, tentuz ibiltzeko gomendatuta: «Batzuek salaketa faltsuak egiteko estrategia darabilte».

Ideia eta adierazpen askatasunari buruzko eztabaida ere izan zen atzo, Genevako saioan. Astelehenean Abdel Fattah Amorrek Karmelo Landaren egoerari buruz egindako galderari erantzunaz egin zuen lehen aipamena Espainiako ordezkariak: «Espainiak ez du ezagutzen adierazpen askatasuna urratu den kasurik». Landa epaile batek espetxeratu duela azaldu du, eta akusazioa ETAri laguntza ematea dela. «Epaileek ez dute inolaz ere ideologia baloratzen, ideologia hori defendatzeko egiten diren ekintzak baizik». Hala argudiatu du Batasuna legez kanpo utzi izana ere. Baita 18/98ko eta Amnistiaren Aldeko Batzordeko kideak espetxeratu izana ere.

Egunkaria, Egin, Batasuna...

Ahmed Tawfik Khalil adituak egindako galderei erantzunaz eman ditu azalpen horiek Irurzunek. Khalilek, alderdiak, gizarte eragileak eta egunkariak itxi, legez kanporatu eta zigortzen ari direla ohartarazi du. Iritzi askatasuna ukatzen ari dela esan diotela Gobernuz Kanpoko Erakundeek.

«Euskal Herrian bi egunkari soilik itxi dira: Egin eta Euskaldunon Egunkaria. Gaur egun hamabi bat egunkari kaleratzen dira hiru herrialde horietan, eta, horietatik bik, itxi ziren bi egunkari haien gertuko edo antzeko editoriala dute». Horrela arrazoitu du Espainiako ordezkariak ez dela adierazpen askatasuna urratzen.

Batasuna zein AAB legez kanporatzeko arrazoiak ere ez direla ideiei lotutakoak esan du. ETAren zati izatera igaro zirelako egin dela horien aurka.



UPN, CDN eta PSNk galarazi egin dute atxilotuen senideek legebiltzarrean hitza hartzea

Azken atxilotuen tortura testigantzak «isilaraztea» egotzi die Amnistiaren Aldeko Mugimenduak(AAM) UPNri, CDNri eta PSNri. Nafarroa Baik proposatu zuen azken atxilotuen senitartekoek agerraldia egitea Nafarroako Legebiltzarrean, baina alderdi horien kontrako jarreragatik, eskaera ez zen tramitera ere onartu. Alderdi horiek tortura testigantzak «isilduta», bertsio hori «ezkutatu» die gizarteari AAMren irudiko, eta «torturatzaileak babestu» dituzte. Hiru alderdietako politikariek demokraziaren kontzeptuarekin «arazo serioa» dutela uste du AAMk: «Torturatzaileengandik hurbil dauden politikariak urrun daude demokraziatik eta herritarrengandik».





19.157

Leku gehiago kartzeletan. Presoen egoera kaskarrak arintzeko, leku gehiago egiten ari da espetxeetan Espainiako Gobernua. Irurzunek jakinarazi duenez, 5.486 leku berri martxan daude dagoeneko eta beste 5.627 egiten ari dira. 2.012rako 19.157 leku berri agindu ditu.





Legea ona izan daiteke baina bere ezarpenak kezkatzen nau; zein neurri dituzue legeak ezartzeko?

elizabeth palm
NBEeko Giza Eskubideen Batzordeko kidea




Giza Eskubideetarako Nazio Plana eta berme epailea

Urtea amaitu baino lehen Giza Eskubideetarako Nazio Plana egiteko asmoa du Espainiak. Horren barruan, berme epailea sortzeko aukera dago. Irurzunen esanetan, instrukzio epaileek botere handiegia dutela ohartu dira, eta atxilotuak preso sartu edo ez berme epailearen esku uztea aztergai da.





NBEk hamar bat egun barru kaleratuko du txostena

Espainiako ordezkarien azalpenak entzunda, Espainiaren egoerari buruzko txostena idatziko du orain NBEko Giza Eskubideen Batzordeak. Hamar bat egun barru kalean egotea espero da. Aurrez, ostirala arte txosten gehigarriak aurkezteko aukera eman dio Espainiako ordezkaritzari Batzordeak. Batzordeko presidenteak eskerrak eman dizkio Espainiari «elkarrizketa» egiteko aukera emateagatik, eta horietan sakontzeko nahia azaldu du. Hurrengo azterketa «lehenago» egitea espero du, Espainiari buruzko azken txostena egin zenetik 12 urte igaro direlako. Batzordeak 4-6 urtero egin ohi du estatu bakoitzaren azterketa, baina estatu bakoitzak eman behar du horretarako lehen urratsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.