Nazio Batuen Erakundeko kontalari Pablo de Greiffek hamar eguneko bisita egin du Espainian, Katalunian eta Galizian. Frankismoko hainbat biktimaren eta erakundeetako ordezkarien testigantzak jaso ostean, lehen ondorioen berri eman du gaur arratsaldean, Madrilen. "1977ko Amnistia Legeari eragina kendu behar zaio, frankismoko biktimei justizia egin ahal izateko", esan du kontalariak prentsaurrekoan.
Frankismoko biktimei arrazoia eman die, eta Espainiako erakundeei ekintzak aurrera eramateko eskatu. "Frankismoko biktimek aitorpen ofiziala eta ordaintza falta dute", gaineratu du. "Ez da benetako estatu politika bat egon diktadurako krimenak argitzeko. Frankismoko krimenak estatu auzi gisa tratatu behar da, politikaren gainetik". De Greiffen arabera, "harrigarria" da ikustea nola ez den gehiago egin biktimen eskubideen alde.
Argentinako justiziarekin kolaboratzeko eskatu dio NBEko ordezkariak Espainiako Gobernuari. Halaber, adierazi du deshobiratzeen pribatizazioak estatuaren "axolagabetasuna" areagotzen duela. Erorien Harana "egiaren eta memoriaren leku" bihurtzea eskatu du.
Bestalde, joan den astean Pedro Martinez Torrijos Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 'Billy el Niño'-ren estradizioari buruzko ebazpena atera zuen, eta argi eta garbi egin zuen Servini epailearen estrazidio eskaeraren aurka. NBEko kontalaria "kezkatuta" azaldu da erabaki horregatik.
Ikastetxeetan, neska-mutikoei 36ko gerra eta frankismoa «anbiguitaterik gabe» erakusteko eskatu du NBEko ordezkariak.
Amnesty Internationaleko bozeramaile Ignacio Jovtis pozik azaldu da NBEko kontalariaren ondorioak entzunda. "Kontalariaren hitzak bide onetik doaz", esan du Jovtisek.