Gobernuak hasieran jarritako baldintzak malgutu dituela iritzita, negoziazio mahaian eseritzea onartu dute Frantziako SNCF tren enpresa publikoko eta Parisko garraio publikoko sindikatuek. Asteazkenean, hilaren 21ean, egingo duten lehen bilera sindikatuetako ordezkariek SNCFko eta Parisko garraio publikoko zuzendaritzekin.
Arlo horretako langileen erretreta erregimen berezia dago jokoan. Izan ere, beste sektore batzuetan bezala -gas eta argindar hornikuntzako langileak, kasu-, gainerako langile gehienek baino bi urte gutxiago kotizatu behar dute garraio publikokoek erretreta osoa jasotzeko. Gauez lan egin beharra, txanda bereziak, eta antzerako arrazoiak daude erregimen berezi horren oinarrian.
Sarkozyren Gobernuak, ordea, bertan behera utzi nahi ditu erretreta erregimen berezi guztiak, eta horren aurka greba abiatu zuten duela sei egun SNCFko eta Parisko garraio publikoko langileek. Harrezkero, gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte ematen zerbitzu horietan, eta trafiko arazo handiak sortu dira, batik bat, Paris eta Frantziako beste hiri handien inguruetan.
Ipar Euskal Herrian ez dabiltza eskualdeko trenak azken sei egunetan, eta Parisera egunean tren bat abiatzen da Hendaiatik (Lapurdi).
SNCFko eta Parisko garraio publikoko zuzendaritzek agertu dute dagoeneko kalte ekonomiko handiak eragin dituela sektoreko grebak; SNCFn, adibidez, orain arte 100 milioi euroko galerak egin dituela adierazi du Anne-Marie Idrac zuzendariak. Baina enpresa horietan ez ezik, beste hainbatetan ere hasi dira grebaren ondorioak nabaritzen hornikuntza hutsegiten hasi zailekoa. Gobernuko iturriek ohartarazi dute erregaien hornikuntzan eragin dezakeela grebak.
Sindikatuen artean negoziazioari lehenbailehen ekiteko nahia agertu dute zenbaitzuk, CFDTk kasu.
Negoziazio mahaian eseritzea onartu dute Frantziako garraio publikoko sindikatuek, grebaren seigarren egunean
Asteazkenean bilduko dira SNCF trenbide enpresa publikoko eta Parisko garraio publikoaren konpainiako zuzendaritzekin. Arlo horretako langileen erretreta bereziak daude jokoan. Ipar Euskal Herriko zein Frantziako trenek seigarren greba eguna dute gaurkoa; baita Parisko garraio publikoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu