Prozesu demokratikoaren eta negoziazioaren inguruko hausnarketa jasotzen du txostenak. Hemen zati batzuk:
«Prozesu Demokratikoa, Zutik Euskal Herrian esan genuen bezala, tresna bat da, gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko tresna, hain zuzen ere. Gatazka konpontzea helburu izanda, Prozesu Demokratikoa estrategia independentistaren 1. fase bilakatzen da. Estrategia osoaren garapenaren baitan ulertu behar dugu.
Soberan da Estatuek gatazka politikoari konponbide integralik emateko borondate politikorik ez dutela esatea, egunero gure begiez ikusten baitugu. Estatuak gatazka politikoaren konponbidera behartu beharko ditugu, eta aldebakarreko urratsetatik aldebikoetara igarotzeko bidea egin beharko dugu. Estatuek prozesua desitxuratzeko ahalegin guztiak egingo dituzte, horretarako negoziazio dinamika guztia errail teknikora mugatu nahiko dute. [...]
Estrategia berriak ez du ezer amaitzen, orain arteko guztiaren jarraipen logikoa baita. Estatuek nahi ala nahi ez, gure askapen prozesuak aurrera darrai, gero eta sendoago. [...].
Estrategia aldaketarekin Ezker Abertzaleak ez du negoziazioa ere eredu klasikoaren arabera planteatzen. Orain negoziazioa ez da helburu bat. Ez gara borrokatzen noizbait Estatuekin negoziatu ahal izateko, baizik eta negoziatuz ere borrokatzen ari gara. Gauzak horrela, negoziazioa gure ildo osoaren mesedetan erabiltzen jakin behar dugun beste tresna bat da. Beste borroka esparru bat [...].
Zentzu horretan, Ezker Abertzaleak negoziatu behar baldin badu, denbora guztian Euskal Herriari, bere jendarteari, eta nazioarteko komunitateari begira jokatuko du, ez bere aurrean eserita egongo den Estatuari begira. Hala, negoziazioan irabazitakoak gure ildo politiko osoa indartzen lagundu behar du, eta gure ildo politikoa indartzen den heinean negoziazioan ere gero eta posizio indartsuago batean izango gara. [...]. Ezin gaitezke Estatuek inposatu nahiko dituzten blokeo egoeretan trabatuta gelditu, kalean eta instituzioetan indarrak bilduz jarraitzea gure tresnarik eraginkorrena izanda, blokeoak gainditzeko malgutasuna eta irudimena beharko ditugu.
Maiz Prozesu Demokratikoaren faseak aipatu ditugu; honako hauek dira:
1. fasea: Minimo demokratikoak eskuratzekoa (legalizazioa, presoen oinarrizko eskubideak, eskubide zibil eta politikoak…).
2. fasea: Euskal Herriko eragile politikoen arteko elkarrizketa eta negoziazioaren bitartez. Akordio Demokratikoa lortzekoa.
3. fasea: Estatuek Akordio Demokratikoa aitortzen eta errespetatzen dute, Marko Demokratikoa (eskubide guztiak euskal herritar guztientzat).
Prozesu Demokratikoa egituratzeko bidean honako urrats hauek egin beharko ditugu: erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo soziala osatu, sendotu eta batez ere politikoki aktibatu behar dugu [...], Ezker Abertzaleak lehenbailehen legala izan behar du (guztiok prozesuan baldintza berdinetan aritu gaitezen), preso eta iheslari politikoak etxera ekarri behar ditugu, akordio politikoen esperoan egon gabe, etxera ekarriko dugun preso bakoitza prozesua indartzeko aktibo bilakatu behar dugu.
Errepresio bide oro gainditu behar dugu. Estatuek ez dute beraien borondatez errepresioa etengo[...].
Anoetako eskemari jarraikiz, elkarrizketa eta negoziazio esparruak honako bi hauek dira:
·Euskal Herriko eragile politikoen artekoa: soilik euskal herritarren ordezkariei dagokie nazio izaeraren aitortza eta herri borondatearekiko errespetua finkatuko dituen Marko Demokratikoaren ezaugarriak adostea.
·ETA eta Estatuen artekoa: konfrontazio armatuari amaiera emateko eta haren ondorioei (presoak, iheslariak, armagabetzea, desmilitarizazioa…) aterabidea emateko negoziazioak.
Negoziazio politikoen helburua euskal subjektu nazionalaren aitortzaren inguruan eta Euskal Herrian herritarren borondatearekiko begirunea oinarri, proiektu politiko guztiak, independentzia barne, egingarri bihurtzeko adostasuna lortzea litzateke».
Elkarrizketa mahaiak, estrategiak eta helburuak
«Negoziazioa ez da helburu bat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu