Eraikuntzako greba Gipuzkoan

Negoziazioak amaitutzat eman ditu Adegik

Gipuzkoako eraikuntzako grebak irtenbiderik gabe segitzen du, oraingoz. ELA, LAB, CCOO eta UGTk, alorreko sindikatu nagusiek, batzarrera deitu dute Adegi patronala, baina enpresaburuek negoziazioak amaitutzat eman dituzte, eta jakinarazi dute ez direla bilerara joango. Sindikatuen arabera, gaixotasun bajen inguruko puntua adostea nahikoa da hitzarmena lortu eta arazoa konpontzeko.

2004ko ekainaren 10a
13:46
Entzun
Sindikatuetako ordezkariek agertu dute Adegik gaixotasun bajei buruzko eskakizuna —lehen hiru egunetan langileek soldataren %60 jasotzea— onartuko balu, hitzarmena prest legokeela.

Patronalak, ordea, beren azken proposamena atzo egindakoa dela berretsi du, eta ez daudela hortik aurrerako ezer negoziatzeko prest. Hain zuzen ere, negoziazioak amaituta daudela adierazi du Euskadi Irratian Juan Ramon Apezetxea Adegiko Lan Harremanetarako arduradunak. "Argi geratu behar du enpresaburuen aldetik negoziazio mahairik ez dagoela jada. Gure aldetik amaituta daude negoziazioak", esan du.

Gaur eguerdiko ordubatean bilera batera deitu dituzte sindikatuek patronaleko ordezkariak, Lan Harremanen Kontseiluko Donostiako egoitzara, baina ELA, LAB, CCOO eta UGTko kideak baino ez dira agertu. Eurek negoziatzen segitzeko borondatea dutela berretsi diete han bildutako kazetariei.

Gaur hilabete bete du Gipuzkoako eraikuntzako grebak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.