Hasieran bezala, ez atzera ez aurrera daude Kairon Israel eta Palestinako ordezkariak. Gauerdian su-etena amaitu arte oraindik ordu batzuk geratzen diren arren, adituek zail ikusten dute akordiorik lortzea. Urratsak egite aldera, Egiptok beste proposamen bat egin die. Bertan, Gazako blokeoa "arintzeko" eskatzen zaio Israeli, eta giza laguntza sartzen uzteko. Hori onartuz gero, menia luzatu eta hurrengo egunetan hitz egingo lukete Hamas desarmatzeaz eta presoak askatzeaz.
Bi aldeek zalantzak dituzte, ordea, Kairok egindako proposamenaren inguruan ere. Batez ere, Erezeko pasabidea noiz eta nola zabalduko duten eta hura nork kontrolatuko duen dira eztabaida eragin duten puntu nagusiak. Izan ere, Hamas prest dago PAN Palestinako Aginte Nazionaleko ordezkariei Gazan sartu eta Erezetik sartzen den materiala kontrolatzen uzteko, baina ez du mugarik nahi sartu ahal den eraikitze materialaren inguruan. Israelek, aldiz, ez du azken hori sartzen utzi nahi, "erasotzeko" erabil dezaketen argudiaturik.
Bestetik, Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermanek ohartarazi du Gazaren aurkako operazioa ez dela amaituko Tel Avivek erasoaldian hildako soldaduen gorpuak berreskuratzen dituen arte. "Beste aldeko terroristek ulertu nahi ez badute, jakin dezatela gure soldaduen gorpuak itzuli ezean Mohammed Deif, [Ismail] Haniyeh eta Hamaseko beste buruzagien gorpuak bidaliko dizkiegula ordainetan. Ez dugu inolako hitzarmenik onartuko bitartean".
Sei hildako
Hamasek zabaldu duenez, beste bost palestinar eta Italiako kazetari bat hil dira gaur Gazan Israelek jaurti eta lehertu gabe geratutako bonba batek eztanda egin duenean.
Bestetik, Erresuma Batuak iragarri du Israelerako arma salmentak etengo dituela, su-etena amaitutakoan Israelek erasoaldia berriz abiatzen badu. Tel Avivek berehala erantzun du esanez lehen ere egin izan diela aurre halako enbargoei.
NBEk, berriz, kezka agertu du Gazako palestinarren osasun egoeraz: "Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, baina argindar sistema eta edateko uraren hoditeria konpondu ezean, ezin dugu ezer egin palestinar errefuxiatuen osasun egoera bermatzeko".
Askatasunaren flotilla
Aste hasieran iragarritakoa berretsi zuten atzo, alegia, udazkenean giza laguntzarako flotilla bat helduko dela Gazako kostaldera. Askatasunaren Flotilla Koalizioko kideek ez zuten data zehatzik aurreratu, baina bai Marvi Marmara ontzia izango dela Gazara sartzen ahaleginduko direnetako bat.
Duela lau urte, Israelek Gazari ezarritako blokeoa gainditzeko lehen ahalegina egin zuen koalizoak, baina Israelek indarrez erantzun zuen. Marvi Marmara ontziari eraso eta gutxienez bederatzi lagun hil zituen. Ondorioz, okupazioaren aurkako nazioarteko ikur bilakatu zen itsasontzia.
Parte hartuko dutenen artean izango dira Latinoamerika eta Hegoafrikako ordezkaritzak.