Negoziaziorako atea ireki dute Nafarroako hezkuntzan

Aurrekontua mantendu eta kalitatezko lana bermatzen bada, berriro negoziatzeko prest agertu dira sindikatuak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Negoziazioak berriro hasteko borondatea dutela jakinarazi diote hezkuntzako sindikatuek Nafarroako Gobernuari, baina gutxieneko baldintza batzuk eskatu dituzte horretarako. Hezkuntzan aurrekontu murrizketa gehiagorik ez egiteko eta orain arte egindakoak behin-behinekoak izango direla bermatzeko eskatu dute, hain justu.

Afapna, EILAS, LAB, ELA, CCOO, APS, ANPE, UGT eta CSIF sindikatuek, Unibertsitateaz Kanpoko Irakasleen Langileen Batzordeko kideak denak, testu bat adostu dute horren berri emateko, eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari igorri diote. 2009. eta 2011. urteen artean hezkuntza publikoko aurrekontuan 40 milioi euro murriztu dituztela ohartarazi dute sindikatuek, eta politika horrek «modu larrian» eragingo duela uste dute.

Egoera zuzentze aldera ikastetxeetako zuzendaritzek proposatutako lan taldeak errespetatzeko exijitu dute. Hain zuzen ere, hezkuntza publikoko langileei dagozkien gaien negoziazioak «azkar» hasi behar duela gogorarazi dute sindikatuek, lantaldeen egonkortasuna, ikastetxeen autonomia eta halako gaiak zehazteko.

Baldintza orokorrez gain, datorren ikasturterako dituen asmoen berri emateko ere eskatu diote Hezkuntza Departamentuari. «Txosten xehatu» baten bitartez 2011-2012ko ikasturtean aurrezteko irizpideen berri ematea galdegin dute sindikatuek, ikastetxeen arabera banatutako lantaldeen datuekin, baita lantalde horien aurrez egindako kalkulu ekonomikoa ere.

Gobernuak sindikatuek egindako proposamena onartzen duenean «ahal den azkarren» lanean hasi beharko dutela jakinarazi dute. Datorren astearen hasieran Hezkuntza Departamentuarekin harremanetan jartzeko aukera dagoela aurreratu dute. «Borondate oneko» keinuak ere eskatu dizkiote, lan baldintzen harira: ordezkapenak ahal den azkarren bete eta ikasturte hasieran lanaldi erditik beherako kontraturik ez egiteko eskatu dute.

Bitartean, irakasleek mobilizazioei eutsiko dietela esan dute. Hil honen 23, 24 eta 25ean elkarretaratzeak egingo dituzte Hezkuntza Departamentuaren aurrean, eta irakasleen batzarra egingo dute irailaren 6an, Iruñean.

Ezkerraren proposamena

Atzo Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzordeak atzera bota zuten gobernuak bigarren hezkuntzako ikastetxe publikoetan ezarritako enplegu murrizketen aurkako adierazpen instituzional bat. Ezkerra koalizioaren adierazpen hori Hezkuntza Departamentuak ezarritako murrizketakbaliogabetzearen alde agertzen zen, baina UPNk eta PSNk adierazpen horren aurka bozkatu zuten; Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak, berriz, alde. PP abstenitu egin zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.