Berotik joan da aurten negua. Gaurtik eta igandera bitarte, ordea, urtaroaren gordinena espero da. Iragarpenen arabera, bost gradu zero azpitik egingo ditu kostaldean, eta hamar gradu zero azpitik barnealdean. «Zerua oskarbi badago, eta elur askorik egiten ez badu, gainera, tenperatura horiek baxuagoak izango dira: -7 eta -15 gradu artekoak, hain zuzen», azaldu du Margarita Martinek, AEMET meteorologia agentziako EAEko bozeramaileak. Erruduna: eurasiar antizikloia. «1.060 milibaretako presioa duen antizikloi indartsu bat iritsi da Errusiatik. Antizikloi horrek haize hotza eta tenperaturen jaitsiera ekarri du, eta borrasken mugimendua blokeatu», azaldu du Santiago Gaztelumendik, Euskalmeteko koordinatzaileak.
Atzo iluntzean hasi zen denboralea. Lau orduan sei gradu egin zuen behera tenperaturak. Gainera, hainbat lekutan tenperaturuta zero azpitik egon zen. Igandera arte iraungo du egoerak. «Ostegunean batez ere elurra egingo du, eta ostiraletik aurrera izotza izango da. Dena den, igandera bitarte, tarteka elurra egingo du. Hortik aurrera, tenperatura goxatzen joango da», argitu du Gaztelumendik.
Halako fenomenoak ziklikoak direla azaldu du Martinek. «1985ean izan zen antzeko hotzaldi bat. Halako denboraleen beste ezaugarri bat zera da: egun batzuk igarota, errepikatu egiten dira. Beraz, litekeena da hemendik hamar bat egunera-edo berriro ere hotz handia egitea».
Egoera ikusita, elurra eta izotzagatik alerta laranja ezarri du gaurko Euskalmetek Gipuzkoan eta Bizkaian, eta horia Araban. Bihar Araban ere alerta laranja jartzea espero dute, egoerak okerrera egingo baitu han. Nafarroan ere alerta laranjan daude. Pirinioetangorria jarri du foru gobernuak. Iparraldean alerta horia ezarri dute.
«Alertei dagokienez, ikusi beharko dugu nola doazen gauzak. Izan ere, aldaketa txikiren bat egonez gero, gerta liteke ipar-mendebaldeko haizeak indar handiagoa izatea. Horrek elur prezipitazioen kopurua baldintzatuko du. Oso adi egon beharko dugu, baita ere, larunbat goizean zer gertatzen den, ezegonkortasun aldi bat espero baita. Larunbatean ere eguraldia ez da ona izango», zehaztu du Gaztelumendik.
Aldundiak eta udalak, prest
Erakundeek abian dituzte neguko planak. Etxerik gabekoei aterpea ematea eta errepideak garbi izatea da haien xedea. Bizkaiko Foru Aldundiak errepideen garrantziaren arabera antolatu du plana. Hala, ondorengo errepideak zabalik egotea da lehentasuna:A-8a, Txorierriko Korridorea,N-240a eta erietxeetara, Loiuko aireportura nahiz Bilboko porturairisteko bideak. Horretarako, elurra kentzeko 59 makina eta 200 boluntario ariko dira lanean. 7.640 tona gatz ere badituzte, izotza kentzeko.
Bilboko Udalak elurra kentzeko 42 makina eta 185 tona gatz ditu, egun hauetan izan daitezkeen arazoei aurre egiteko. Gainera, beste50 ohe jarri ditu Mazarredoko neguko aterpetxean.
Gasteizko Udalak ere indartu egin du etxerik gabekoentzako arreta zerbitzua. Gainera, 500 tona gatz eta 60.000 litro ur gatzatu ditu prest errepideetan, espaloietan, erietxe inguruetan eta industrialdeetan botatzeko. Auzo elkarteen eta merkatarien artean banatu dituzte gatza eta ur gatzatua, haiek erabil dezaten.
AP-1ean eta A8an egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen elurra kentzeko 68 makinetatik 22. Donostiako Udalak neguko planaren mailarik gorena ezarriko du gaurtik aurrera. Aldundiarekin, SOS Deiak-ekin eta suhiltzaileekin ariko dira elkarlanean. Errepideak garbitzeko eta gatza garraiatzeko hamabi makina ariko dira lanean egun osoan. Udaleko hainbat langilek, gainera, tren eta autobus geltokien inguruak garbituko dituzte. Lorategien ureztatzea eteteko ere agindu du udalak, eta iturri publikoak ixteko. Gainera, Mons pasealekuan dagon Gizarte Harrerarako Zentroan ez da leku mugarik izango.
Mendi irteerak bertan behera uzteko agindu dute Nafarroan, Pirinioetan 15 zentimetroko elur geruza espero baita. Iruñeko Udalak, berriz, pentsioetan lo egiteko bonuak emango dizkie etxerik gabekoei, aterpetxeak jendez betez gero.
Neguaren gordinena heldu da
Errusiatik iritsitako antizikloi batek izotza eta elurra ekarriko ditu igande arte. 15 gradu zero azpitik egitera irits daiteke barnealdean, eta alerta laranja ezarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu