EGURALDIA. TENPERATURAK

Neguko tenperaturarik hotzenak izan dira Euskal Herri osoan

-24,9 gradu neurtu zituzten Erremendian, eta estazio meteorologiko guztietan izan dira zero azpiko tenperaturak goizaldean

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aurtengo neguan hotza egin du hainbat egunetan. Atzokoa izan zen, ordea, hotzena. Nabarmen. Euskalmet EAEko Meteorologia Agentziaren eta INM Espainiako Meteorologia Institutuaren Hego Euskal Herriko estazio guztietan zero azpiko tenperaturak neurtu zituzten atzo goizaldean. Hotzena, ohi bezala, Erremendian (1.093 metrora): -24,9 gradu goizaldeko bostak aldera (aurreko astean -20,8 neurtu zituzten bertan). Abaurregainan ere -16 gradu izan zituzten goizaldean eta herenegun egun osoan tenperatura ez zen -8,5 gradutik igo.

Nafarroako mendialdeaz gain, ordea, zero azpiko tenperaturak izan ziren atzo herri eta hiri gehienetan, baita kostaldean ere: esaterako, -10 Maulen, -9 Donibane Garazin, -7 Baionan, -11,8 Agurainen (Araba), -6,1 Laudion (Araba), -8,2 Elorrion (Bizkaia), -6,6 Orozkon (Bizkaia), -4,5 Mungian (Bizkaia), -8,2 Arrasaten (Gipuzkoa), -6,9 Andoainen (Gipuzkoan). Aurtengo otsaila behintzat aspaldiko hotzena izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: Araban otsailean batez besteko tenperatura 2,4 gradukoa izan da, 1983tik izan den hotzena (orduan batez bestekoa 2,3koa izan zen); Bizkaian otsaileko batezbesteko tenperatura 6,3 gradukoa izan da , 1965etik izan den hotzena (orduan sei gradukoa izan zen); eta Gipuzkoan otsaileko tenperaturaren batez bestekoa 5,1 gradukoa izan da, 1965etik izan den hotzena (ordukoa 4,9koa izan zen).Izotzak arazoak sortu zituen errepideetan. Ibilgailuek kateak behar izan zituzten Arabako Opakua eta Urduñako mendateetan. Itxita, ordea, mendate bakarra dago: Belagoakoa (NA-1370 errepidea, Nafarroa), 16. kilometrotik aurrera.

Gaur epelago, baina elurra bihar eta larunbatean

Euskalmeten eta EHKMEren (Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Fundazioa) esanetan, gaurko tenperaturak atzokoak baino epelagoak izango dira, goizaldean eta goizean hainbat lekutan izotza egingo badu ere. EHKMEren aurreikuspenak: tenperatura hotzenak -4 gradukoak barnealdean eta gradu batekoak kostaldean; beroenak, berriz, 8 eta 11 gradu, hurrenez hurren. Euskalmeten aurreikuspenak: Bilbon (1/11), Donostian (0/11) eta Gasteizen (-5/7). Lainoak areagotu egingo dira egunak aurrera egin ahala eta euria egingo du arratsaldetik aurrera. Gauean ekaitzak izango dira kostaldean. Euskalmetek 500-700 metrotan ezarri du elur maila; EHKMEk, berriz, 400-500 metrotan.

Angel Rivera INMko Aurreikuspen Zerbitzuaren arduradunaren esanetan, bi fronte berri izango dira datozen egunetan: bata bihar bertan eta bestea larunbata eta igandea bitartean. Horregatik, berriro elurra egingo duela eta tenperaturak nabarmen hoztuko direla iragarri du.

Biharko eta hurrengo egunetako aurreikuspenari dagokionez, euria egingo duela iragarri du Euskalmetek. Zenbait lekutan baita ekaitza ere. Elur maila 500-600 metrotan ezarri du goizerako, baina 200 metrotan gauerako. Etzi elur maila 200-400 metrotan egongo da. Izotza egiten jarraituko du, barnealdean batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.