ezbeharra

Nerabe bat hil da Vianan, istripuz perdigoi batek jota

Hori da ikerketa lerro nagusia, suizidioa eta hilketa baztertu eta gero. Perdigoi eskopeta batekin jolasean ari zen biktima lagunekin. Arduragabekeriazko homizidioa leporatuta, bi adingabe inputatu dituzte.

Istripua gertatu zen etxabea, Juan Cruz Labeaga Mendiola karrikan. BERRIA
edurne elizondo
2015eko uztailaren 24a
15:04
Entzun

Hamabost urteko nerabe bat hil da Vianan (Nafarroa), perdigoi batek jota. Istriputzat jo dute heriotza ezbeharra ikertzen ari diren foruzainek. Hori da ikerketa lerro nagusia orain, suizidioa edo hilketa izatea baztertu eta gero. Nafarroako Gobernuak prentsa ohar batean ezagutarazi zuen, goizean, gaztearen gorpuak indarkeria zantzuak zituela. Ikerketak aurrera egin ahala, ordea, istripuaren hipotesia nagusituz joan zen. Adingabeen Fiskaltzak hartu du auziaren ardura. Arduragabekeriazko homizidioa leporatuta, bi adingabe inputatu dituzte.

Asteartean herriko bestak hasi ziren Vianan. Besta giroa hutsean utzi zuen atzo goizaldean gertatutako istripuak, ordea. 01:15 aldera jazo zen ezbeharra, Juan Cruz Labeaga Mendiola karrikako lehen zenbakiko etxabe batean. Lehen datuen arabera, lagun talde bat perdigoizko eskopeta batekin ari zen jolasean. Perdigoietako batek 15 urteko gaztea jo zuen, istripuz, eta hil egin zuen.

Lagunek eman zieten gertatutakoaren abisua larrialdi zerbitzuei. Lekukoekin hitz egin eta gero, Foruzaingoak uste du istripu baten ondorioz zendu zela gaztea.

Autopsia egitekoa zioten atzo eguerdian Vianako adingabeari; foruzainek espero dute haren emaitzak lagunduko duela zer gertatu zen argitzen, hain zuzen ere. Ikerketako iturriek Efe agentziari azaldu diotenez, perdigoiak normalean ez dira nahikoa izaten inor hiltzeko, baina inoiz gerta liteke heriotza eragitea, oraingo kasuan gertatu den gisan.

Herriko gaztearen heriotzak atsekabe handia eragin zuen Vianako bizilagunen artean, gertatutakoaren berri zabaldu bezain pronto. Udaleko kideek bilera egin zuten goizean.

Lapuebla de Labarcako herritarren artean ere (Araba) samina eragin du 15 urteko mutilaren heriotzak, herri horretako ikastolako ikasle baitzen gaztea.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.