edurne elizondo

'Nere' hartzak bere arrastoa utzi du Nafarroan azken asteotan

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Tamaina handikoa dela agerian uzten dute oinatzek. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuak argitu du Nere dela. Erronkarira etorri zen udaberriaren hasieran, neguko zuloa utzi eta gero, eta duela aste gutxi Nafarroako inguru horretan aurkitu dituzte, berriz ere, hartzaren arrastoak. Pirinioetako mendebaldeko eremuan Nere da bizi den hartz bakarra, Cannelito semearekin batera. Biak dira arrak.

Oraingoz, emerik ez dute izanen ondoan. Nafarroan hartz eme bat askatzeko aukera jasotzen zuen proiektua, Life proiektua, antza, atzera bota du Europak. Nafarroako Gobernuak oraindik ez du ezezko ofiziala jaso, baina Ingurumen Departamentuan bertan ere baztertutzat jotzen dute Gizakia eta hartza, hamalau milioi euroko aurrekontua zuen egitasmoa. Onartutako proiektuek jaso dute baiezkoa jada.

Life proiektua, Europak orain bazter utzitako proiektua, eztabaida iturri izan zen hasieratik, hainbat talde ekologistak zalantzan jarri baitzuten hartzak askatuko zirenik; aukera hori hamalau milioi euro eskuratzeko aitzakia soiltzat jo zuten.

Life proiektuarekin edo gabe, erakunde publikoak hartzaren alde lan egitera behartuta daude, Europak babestutako espeziea baita. Pirinioetan, 2004ko azaroan desagertu zen bertako azken hartz emea. Cannelle izena zuen, eta ehiztari batek akabatu zuen. Hamar hilabeteko semea utzi zuen: Cannelito. Lortu zuen aurrera egitea hartz gazteak, baina ez du egoera samurrik, Nere-rekin batera, mendebaldeko eremuan. Emerik gabe, denbora kontua baino ez da hartza Pirinioetako alde horretatik desagertzea. Cannelle baino hilabete gutxi lehenago hil zen Papillon handia, 2004an. 2010ean Camille desagertu zen, Nafarroako azken hartza. Urte hartako otsailekoa da hartz horri egindako azken argazkia, Anson (Aragoi, Espainia). Geroztik, Cannelito eta Nere arrak dira espezie horren azken lekukoak mendebaldean. Nere da tarteka, oraingoz, Nafarroa bisitatzen duena.

Pirinioen erdialdetik Sarousse emea hurbildu da azken boladan. Aragoin hartu du bizitokia, antza denez. Baina herrialde horretako ekialdean. Hau da, oraindik ere, mendebaldeko arrengandik urruti. Mendebaldeko eremura hurbildu izana berri ontzat hartzen da, eta agerian uzten du Pirinioen erdialdean hartzen populazioak izan duen gorakadak balio dezakeela animaliok bertzelako lurrak hartzera bultzatzeko. Erdialdean, Katalunian batez ere, hartzen populazioa sendotzen ari da. Emaitza onak izan dira azken urteotan. Bai, behintzat, hartz kopuruari dagokionez. 2006an Esloveniatik Pirinioetara bost hartz ekarri zituzten; haietako lau, emeak. Sarousse da eme horietako bat, eta Hvala bertze bat. Franska eta Palouma hilik dira. Hvala-k bi kume izan zituen 2007an. Biak, emeak. Haietako bat ama bilakatu da jada Pirinioetan.

Kume gehienek, aita bera

Kumeak jaiotzea seinale ona da Pirinioetan. Baina horrek ere ez ditu konpontzen espezie horrek dituen arazo guztiak. Genetikako ikerketek agerian utzi dute Pirinioetan azken hamabost urteotan jaio diren kume gehienen aita Pyros dela. 1997an ekarri zuten hartz ar hori Pirinioetara, Esloveniatik. Kume gehienek aita bera izateak erran nahi du genetikaren ikuspuntutik pobrea dela populazioa, eta odolkidetasuna arazo bilakatzen ahal da etorkizunean.

Hori dela eta, Pirinioetako hainbat administraziok asmoa agertu du orain atzera bota duten proiektua berridatzi eta beste eskaera bat egiteko. Kataluniak bultzatu du, bertzeak bertze, proposamen hori. Pirinioetara bi hartz eme ekartzea izanen litzateke helburua, mendebaldeko eremua sendotzeko batetik eta erdialdean egun dauden odolkidetasun arazo horiei aurre egiteko bertzetik, erdialdean ar bat askatuta.

Pirinioetako erdialdea da, egun, hartzaren eremu nagusia. Horixe agerian utzi du Frantziako hartzaren jarraipena egiteko sareak azken txostenean. 2011. urteari buruzko datu ofizialak jaso dituzte txosten horretan berriki. Adituek nabarmendu dute Pirinioetan murriztu egin dela hartzaren eremua, batez ere Balou ekialdean zegoen arra erdialdera itzuli delako.

2011n, gutxienez, 22 hartz baziren Pirinioetan. Zehazkiago erranda, 21, urtarrilean jaiotako kumeetako bat hil egin zela jakin baitzuten adituek urte bukaeran. 21 dira ezagutzen diren hartzak, baina horrek ez du erran nahi adituen kontrolpetik at hartz gehiago ez dagoenik Pirinioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.