Arrasateko Txosna Batzordeak jakinarazi duenez, goizaldean mutil batek eraso egin dio neska gazte bati. San Joan festetan dira herrian atzotik, eta txosnagunearen inguruetan izan da erasoa. Txosna batzordea osatzen duten eragile eta talde guztiek "irmoki" gaitzetsi dute gertaturikoa: "Ozen esan nahi dugu emakume baten kontrako erasoa emakume guztion kontrakoa dela. Ez dugu inoren aurkako erasorik onartuko".
Bihar 20:00etan, elkarretaratzea
Erasoa salatzeko, agerraldia egin dute iluntzean. Txosna batzordeko ordezkariek azaldu dute gaurkoa ez dela eraso bakan bat: "Indarkeria patriarkala mantentzen eta erabiltzen duen sistema oso baten baitan kokatzen dugu erasoa". Horren aurrean, eta txosnagunea "gune aske" bilakatzeko bidean, herritarren "laguntza eta konpromisoa" nahitaezkotzat jo dute.
Horiek hala, biharko elkarretaratzea antolatu dute txosnagunean bertan, Beldurrak gurekin jai, erasotzaileak sutara lelopean. 20:00etatik aurrera bat egiteko deia egin diete herritar guztiei: "Ardura guztiona den neurrian, herritar guztiak deitzen ditugu bertaratzera".