emakumeen aurkako indarkeria

Neska-lagun ohia motoarekin harrapatu duela egotzita gizon bat atxilotu dute Tuteran

2009ko ekainaren 17a
19:23
Entzun
Nafarroako foruzainek 31 urteko gizonezko bat atxilotu dute Tuteran, neska-lagun izandakoa motoarekin harrapatu duela leporatuta. Ondoren, jo egin zuen, foruzainen arabera. Tuterarra da atxilotutako laguna.

Hilaren 11n izan zen gertaera, eta gaur jakinarazi dute. Emakumeak foruzainei esan zien bikotekide ohiarekin afaldu ostean, etxera oinez itzultzea erabaki zuela. Gizonezkoak motoarekin jarraitu eta harrapatu egin zuen, ikerketako iturriek diotenez.

Atxilotuak emakume haren aurka egindako tratu txarren aurrekariak ditu.

Horrez gain, sei lagun gehiago atxilotu dituzte Nafarroan azken asteetan, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta. Tafallan, Cintruenigon, Tuteran, Eguesibarren, Mendabian eta Iruñean gertatu dira ustezko eraso horiek, Foruzaingoak jakinarazi dutenez.

Bi gizonezko atxilotu dituzte Gasteizen eta Donostian

Atzo 09:00ak inguruan Gasteizko Zabalgana auzoan 41 urteko gizon bat atxilotu zuten ustez bikotekideari eraso egin ziolako.

Donostian, aldiz, atzo arratsaldean 69 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak bikotekide ohiari eraso egitea egotzita. Biktimak senar ohiak jo egin ziola adierazi zuen. Aurretik tratu txar psikologikoak ere jasaten zituela azaldu zuen horrek. Emakumeak aurpegian eta besoetan zauriak zituen, ertzainen arabera. Amara auzoan gertatu zen erasoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.