Baltistan Fundazioa

"Neskato baten ikasturte osoa ordaintzen da 50 eurorekin"

Jose Manuel Ruiz Baltistan Fundazioko presidenteak azaltzen duen moduan, Hushe haraneko haur txiroenen lehen hezkuntza ordaintzeko helburuarekin dirua biltzeko kanpaina bati ekin dio Fundazioak. Murrizketa eta krisi garaian, baltiarrekin batera orain arte lortutako guztia ez galtzea dute lehentasun.

Irune Lasa.
2014ko otsailaren 2a
17:56
Entzun

Hushe ibarra Kaxmirko Pakistanen zatian dago, iparraldeko Gilgit-Baltistan eskualdean. Ekialdera, India du Baltistanek; iparraldera Karakorum mendikate itzela eta Txina; eta probintziako ipar-ekialdean, menditzarren pean, Hushe ibaiaren albo banatara luzatzen da izen bereko harana. «Lekutan dago hura», azaldu du Jose Manuel Ruizek, Baltistan Fundazioko presidenteak.

Alde hori guztia oraindik Pakistan edo India den eztabaidan dagoela, Pakistanek duela lau urte arte ez du bere probintziatzat aitortu, eta, oraindik ere, hango biztanleek ez dute boto eskubiderik herrialdeko hauteskunde orokorretan. Eskubide eta laguntza gutxi jasotzen dituzte Pakistandik, ia ezer ez. Kokapenak eta orografiak baldintzaturik, ingurunea txiroa da oso, eta hango biztanleen ekonomia, irautekoa. Menditzarrak igotzera edo inguruan trekkingak egitera doazenentzat mendiko zamaketari gisa arituz lortu izan dute ia diru sarrera bakarra. Eta hortik iritsi zen Hushera proiektu aitzindarietarako bidaidea ere, Baltistan Fundazioa.

Egin dezagun laburpen txiki bat. Zein dira Baltistan Fundazioaren helburu nagusiak?

Labur esanda? Hushe haranean bizi diren 14.000 lagunen garapen ekonomiko eta soziala. Historia pixka bat eginez, kontatuko dizut hau nola abiatu zen: Karakorum mendikatea eskalatzera joaten ziren Euskal Herriko hainbat mendizale, Juanjo San Sebastian, Iñurrategi anaiak, Jose Carlos Tamayo, Jon Lazkano eta beste batzuk, eta Husheko zamaketari haien adiskide egin. Eta horrela sortu zuten hangoek mendi eskola, hemengoen laguntzarekin, zamaketariek prestakuntza izan zezaten. Iñurrategitarrei, Tamayori eta Lazkanori Gipuzkoako Aldundiak saria eman zien, beste inork lagundu nahi izan ez zuen larri zauritutako mendizale hegoamerikar bat salbatu zutelako. Eta sariaren diruarekin, Husheko mendi eskola lagundu eta hemen Baltistan Fundazioa sortu zen. Gutxira hil zen Felix Iñurrategi, eta, hala, han Felix Iñurrategi Foundation eratu zuten.

Mendi eskolarekin hasi eta elkarlan gehiago etorri ziren.

Hasieran azpiegiturak ziren behar nagusiak. Eta hala, BBKren laguntza batekin mendi eskolarentzako egoitza bat eraiki zen. Gero, ureztatze sistemak hobetu ziren. Beste hainbat proiektu abiatu ziren, nekazaritza, fruituen ekoizpena... Baina krisiarekin... hemengo bazkideen ekarpenak baditugu, baina erakundeen lankidetzarako laguntzak izugarri murriztu dira. Azkenean, bi urtetan birmoldaketa egin dugu, eta hango fundaziokoekin hitz egin eta eztabaidatuta bi lehentasun, bi helburu nagusi zehaztu ditugu: hezkuntza eta emakumeak.

Pakistan, hezkuntza eta emakumeak... Malala datorkit burura.

Bai, baina Baltistangoak islamaren adar sufikoak dira, nurbakxiak; ez dira xiitak eta ez sunitak. Dena den, Afganistanekin muga egiten duen Pakistan mendebaldeko talibanen presioa ari da pixka bat iristen ekialdera. Iazko ekainean, Nanga Parbateko oinarrizko kanpalekuari eraso zioten, eta 14 lagun hil. Horietako bat 200 bat kilometrora dagoen Hushe haranekoa zen, sukaldari lanean zebilena.

Gero, badaude sektoreak diotenak talibanekin gatazkarik ez izatearren hobe dela neskatoen eskolaratzeaz berriz pentsatzea, baina horiek gutxiengoa dira. Hushe haranean agintarien batzordeek hartzen dituzte egiazko gobernu erabakiak, eta gure kasuan Munawar herriko eskolaren proiektua ezartzea zaila, oso zaila izan bada ere, neskatoen eskolaratzeagatik eta eskola eredua aldatzeagatik, agintarien batzorde guztiak alde izan ditugu, baita mulla [buruzagi erlijioso] guztiena ere. Lorpen ikusgarriak iritsi ditugu horrela.

Neskatoekin?

2007an, hasi ginenean, eskolaratuen %20 soilik ziren neskatoak, eta orain ia %60 dira. Eskola batzuetan neskato gehiago daude mutikoak baino. Bigarren hezkuntzako eskola onak daude, baina soilik hiru herritan. Purdah edo ohorearen kodearen arabera, emakumeak beti gizonezkoek lagunduta joan behar dute, eta, horrez gain, garraioa oso garestia da. Hiru jeep jarri genituen, eta ikusgarria da: iaz 70 ikasle eramaten zituzten horrela eskoletara. Eta emakume irakasleak ere sartu dira. Bigarren hezkuntza bukatzen zutenentzako genuen beka programa bati esker, 30 neska atera dira urteotan kanpora ikastera, baita 40 bat mutil ere.

Hangoak hasiak ziren hezkuntza proiektu hauek iraunkorrago bihurtzen, gehiago ahal zutenek gehiago jarriz, jendea neskatoen eskolak ordaintzeko konbentzituz... Baina, batetik, diru sarrerak asko murriztu zaizkie: Nanga Parbateko erasoarengatik aurreikusitako espedizioen %95 bertan behera geratu ziren iaz. Eta hemen ere, lankidetzarako laguntzak murriztu egin dira...

Eta horregatik jarri duzue martxan kanpaina.

Bai. Hemengo jendeari 50 euroko ekarpenak egiteko eskatzen diogu. Gure helburu nagusia neskatoei laguntzea da, lehen hezkuntza egiteko bekak izatea, baina badaude umezurtzak diren mutikoak ere, beste familiaren batek babespean hartu dituztenak, edota emakume alargunen semeak, edo, besterik gabe, txiroen artean txiroenak diren familietako mutikoak... Horiei guztiei beka ematen diegu. Bostehun beka lortu nahi ditugu; izan ere, gure lehen eskola izan zen Munawarkoaren ereduak emaitza onak dituela ikusita, haraneko zortzi eskolak —herri bakoitzetik batek— eredu horrekin bat egiteko eskatu du ofizialki.

Zer lor daiteke 50 eurorekin?

Neskato baten ikasturte osoa ordaintzea. Eskolaren mantentzea, irakaslearen soldata, uniformea, ikasmateriala.. dena sartzen da hor. Kanpainarekin hasi ginenetik, 130 neskato eskolaratzea bermatu dugu jada. Eta 500era iritsi nahi dugu. Martxoan hasiko da ikasturtea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.