Nestle elikagai enpresa 46 izozki mota erretiratzen ari da saltokietatik, etileno oxidoarekin kutsatuta daudelako. Froneri fabrikatzaileak bere webgunean adierazi duenez, haien hornitzaileetako batek eman zuen kaltetutako produktuei buruzko abisua, eta geroztik «neurri proaktiboak» hartu dituzte.
Aesan Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren arabera, etileno oxidoa «produktu fitosanitarioetan aktibo dagoen substantzia bat da», eta ez dago onartuta EB Europako Batasunean. Substantzia hori, gainera, «mutageno, kartzinogeno eta ugalketarako toxiko gisa sailkatuta dago».
Froneriren webgunean zabaldutako komunikatu baten arabera, etileno oxidoa «oso kantitate txikian» erabiltzen da, eta, produkturen batek intzidentzia horren eragina jasango balu, «ez litzateke batere arriskutsua izango kontsumitzaileen osasunerako».
Kontsumitzaileek euren lotea kutsatuta dagoen edo ez jakin ahal izateko, Fronerik erositako izozki lotearen lehen sei digituak tekleatzeko aukera ematen du bere webgunean. Baina, Facua kontsumitzaileen eskubideak defendatzen dituen erakundearen arabera, hori bakarrik egitea «penagarria» da, bilgarria bota duten kontsumitzaileek ezin dutelako jakin euren produktuak etileno oxidoa zuen ala ez. Horregatik, Facuak Nestleri eta Froneriri eskatu die gardentasunez jokatzeko eta kaltetutako produktuen zerrenda osoa argitaratzeko.
Aesanek zehaztu duenez, etileno oxidoaren gaia ez da berria; 2020ko irailetik ari dira kudeatzen. Agentziak baztertu egin du «arrisku akutua» dagoela, baina gaineratu du «arrisku kronikoak sor dezakeela kezka».
Mars ekoizleak ere erretiratu egin behar izan ditu zenbait produktu, etileno oxidoaren ondorioz. Hala ere, ekoizle hori izan da Espainiako Estatuan etileno oxidoarekin kutsatutako produktuen zerrenda argitaratu duen bakarra. Bere webgunean argitaratu ditu kaltetutako produktuak.