Geroz eta gehiago dira etileno oxidoarekin kutsatuta dauden Nestle elikagai enpresaren izozkiak. Uztaileko azken astean, Nestlek 46 izozki mota erretiratu zituen saltokietatik, substantzia hori zutelako, eta, FACUA kontsumitzaileen erakundeak atzo jakinarazi zuenez, zerrenda horri beste lau izozki mota gehitu zaizkio. Erakundeak adierazi duenez, Carrefourreko langile batek jakinarazi du Froneri fabrikatzailearen beste hemeretzi izozki sorta daudela etileno oxidoarekin kutsatuta.
AESAN Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren arabera, etileno oxidoa ez dago onartuta Europako Batasunean, eta «mutageno, kartzinogeno eta ugalketarako toxiko gisa» dago sailkatuta.
Froneriren webgunean zabaldutako komunikatu baten arabera, etileno oxidoa «oso kantitate txikian» erabiltzen da, eta, produkturen batek intzidentzia horren eragina jasango balu, «ez litzateke batere arriskutsua izango kontsumitzaileen osasunerako».
FACUAk Nestleri eta Froneriri eskatu die «gardentasunez» jokatzeko, eta salatu du fabrikatzaileak «beste behin ere» ez duela kaltetutako izozkien zerrenda osoa eman nahi izan. Kutsatutako izozkiak saltokietatik erretiratzen ari dira, eta kontsumitzaileek euren lotea kutsatuta dagoen edo ez jakin ahal izateko, Fronerik erositako izozki lotearen lehen sei digituak tekleatzeko aukera ematen du bere webgunean. FACUAren arabera, ordea, bilgarria bota duten kontsumitzaileek ezin dute jakin euren produktuak etileno oxidoa zuen ala ez.
FACUAk jakinarazi duenez, Mars ekoizlea izan da Espainiako Estatuan etileno oxidoarekin kutsatutako produktuen zerrenda argitaratu duen bakarra. Bere webgunean argitaratu ditu kaltetutako produktuak.