Patricia Garcia biokimikariak (Donostia, 1982) doktore tesiaaurkeztu berri du EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Aparteko ekarpena egin du ikerlan horretan neuronen endekapenezko eritasunen aurka egiten laguntzeko; izan ere, euskarri polimeriko bat garatu du, nerbio sistemako eritasunekin lotutako zelulak in vitro hazteko aukera ematen duena.
EHUk zabaldutako informazioaren arabera, neuronak terapeutikoki erabiltzeko adina garatzeko balio du euskarri berriak, betiere prozesua jatorri neurala duten zelulekin abiatuta.Prozesuaren eraginkortasuna nabarmentzekoa dela esan dute adituek; arratoien zelulekin egindako ikerketetan, zientzialari gazteak lortu du neurona garatuak lortzeko prozesua garatzea zortzi egunen bueltan. Gaur egun, Parkinsonen gaitza eta bizkarrezur muineko hainbat lesiok eragindako garuneko arazoak tratatzeko zailtasunak handiak izaten direla aintzakotzat hartuta, aurkikuntza oso lagungarria izan daitekeela ondorioztatu dute.
EHUn lizentziatu zen Patricia Garcia ikertzailea, Biokimikan, eta ordutik hiru master egin ditu: Biologia Molekularra eta Biomedikuntza (EHU), Neurozientzia eta Portaeren Biologia (Sevillako Pablo Olavide Unibertsitatea, Espainia) eta Teknologiaren Kudeaketa (Deustuko Unibertsitatea). Egun, doktoretza ondorengo ikertzaile modura dihardu, Biodonostia Osasun Ikerketarako Institutuan, Donostiako Ospitalean. Jose Iñaki Alaba Markinez eta Fabio Cavaliere doktoreak izan ditu zuzendari tesia idazteko orduan. Inasmeten egin zuen ikerketa, Iñaki Goenaga Fundazioko espezializazio beka batekin.
Neuronen endekapenezko eritasunen aurka egiteko giltzak EHUko tesi batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu